Albisteak

Kontzertuen egitaraua

Doctor Deseok emango die hasiera Errenteriako jaiei, larunbatean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

D'Capricho, O'Funkillo, Anita Parker eta La Furia, Oihan Vega, Hesian eta Maider Zabalegi ere arituko dira Errenteriako jaietan uztailaren 21etik 25era.

Madalena jaiak ospatuko dituzte Errenterian uztailaren 21etik 25era. Jai-giroan murgiltze aldera, haur, gazte zein helduei zuzendutako egitaraua prestatu dute festetarako; besteak beste, musikaz gozatzeko hamaika kontzertu hartuko ditu Gipuzkoako aipatu udalerriak.

Doctor Deseo izango da, hain zuzen, jaiei hasiera emateaz arduratuko dena. Bihar bertan, 01:00ean entzungo dira talde bilbotarraren lehenengo akordeak. Hurrengo egunean, berriz, D'Capricho, O'Funkillo eta Anita Parker eta La Furia igoko dira oholtzara, eta hilaren 23an Oihan Vegaren kantuek girotuko dute Zumardia.

Azken bi egunetan ere ez da musika emanaldirik faltako. Alde batetik, uztailaren 24an Hesian taldea gonbidatuko dute. Bestetik, festetako azken-burukoa izango da Maider Zabalegiren zuzenekoa, uztailaren 25ean.