Albisteak

UZTAILAK 30-ABUZTUAK 1

Vendetta, Doctor Deseo eta Gozategi, Azpeitiko festetan

IDOIA ARANBARRI | EITB.EUS

Revolta Permanent, Skasti, Skabidean eta Ezten Giro taldeen emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da, besteak beste, uztailaren 30etik abuztuaren 1era.

Uztailaren 30ean emango zaie hasiera Azpeitiko ‘San Inazio’ jaiei. Hiru egunez iraungo du festak eta beste behin ere, ez da kontzerturik faltako.

Txupinazo egunean, gaueko 23:30etan, Herriko Plazako agertokira igoko da Gozategi taldea aurten kaleratu duen “G Puntua” diskoa aurkezteko. Hala ere, txosnagunean beste bi kontzertu egongo dira. Skasti izango da txosnetan giroa jarriko duen lehen taldea, 22:00etan. 01:00ean, ordea, Ezten Giro erromeria taldea arduratuko da bertaratutakoak dantzan jartzeaz.

Maiatzean Azpeitian bertan aritu bazen ere, berriz itzuliko da Vendetta Azpeitira, baina oraingoan Herriko Plazara, gaueko 23:30etan. Mundaka Festival jaialdian parte-hartu duen Revolta Permanentek Azpeitiko txosnetan egingo du, oraingoan geldialdia, 01:00ean. Honen ostean, Ni Yuta Ni Tuya taldeaz gozatzeko aukera paregabea izango duzu.

Festen azken egunean, abuztuaren 1ean, punta-puntako taldea izango da nagusi Azpeitiko Plazan. Doctor Deseok jarriko dio musika festen azken gauari, 23:30etatik aurrera. Txosnagunean, berriz, Skabidean eta Gora Etorri, Beti Dance taldeek esango die agur hiru eguneko festei.