Albisteak

Iragarpena

Raitx, Deñe eta Amorante, Mutrikuko Abendurock jaialdian

Gaztea

Horiez gain, Ro, Petti, Etxeko Uzta eta Orbel taldeek osatuko dute igandera arte Mutrikun egingo den jaialdiko kartela.

  • Raitx

    Raitx, Maketa Lehiaketako finalaren irudi batean

Raitx, Deñe, Amorante, Ro, Petti, Etxeko Uzta eta Ordel izango dira aurten Mutrikuko Abendurock jaialdia girotzeko arduradunak, gaurtik igandera, abenduaren 17tik 20ra.

Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek antolatutako ekimen horren nobedadeetako bat toki-aldaketa da. Horrenbestez, bi leku hartu beharko dira kontuan: 17an eta 18an bakarlari bana arituko da gaztetxean (formatu txikian); eta ondorengo bi egunetan, bina talde igoko dira herriko kiroldegian jarriko duten oholtzara.

Aurten, 3 eta 5 eurotan jarri dituzte sarrerak salgai, eta jasotakoa kultura hauspotzeko erabiliko dutela esan dute antolatzaileek. Sarrerak lortzeko informazioa sare sozialen bidez emango dute.

Kontzertuez gain, Euskal Herriko musikari ezagun bati buruzko dokumentala ere ikusgai izango da abenduaren 13an Zabiel kultur etxean. Edukiera murriztuta dagoenez, bi aldiz emango dute dokumentala.