Albisteak

Kutxa Kultur jaialdia

Wilco, Primal Scream eta Fanfarlo, zuzenean, egunotan Donostian

Garazi Urdanpilleta

Ostegunean Kursaalen arituko da Wilco. Ostiralean Kubo aretoan Christina Rosenvinge arituko da eta larunbatean Belodromoan Primal Scream, Fanfarlo, We Are Standard eta Thee Brandy Hips, besteak beste.

00:35

Kutxa Kultur jaialdiak Donostia musikaz zipriztinduko du egunotan. Gazteak babestuta, ostegunean hasiko da jaialdia WIlco talde amerikar handiak Kursaaleko areto handian emango duen kontzertuarekin. 20:00etan hasiko da emanaldia eta Chicagoko taldeak 'The Whole Love' lan berriko doinuak taularatuko ditu bertan.

Ostiralean, berriz, Christina Rosenvingek hartuko du estatubatuarren lekukoa. Kursaaleko Kubo aretoan arituko da kantautore madrildarra 20:00etan aurrera.

Larunbatean, berriz, hitzordua Belodromoan izango da. 19:00etan hasiko dira kontzertuak bertan eta kartel zabala osatu dute antolatzaileek egun horretarako: Primal Scream, Fanfarlo, We Are Standard, Thee Brandy Hips, Krell eta Rock Privado.

Primal Scream talde eskoziarrak 'Screamadelia' diskoko abestiak eta euren ibilbide luzeko kantu klasikoak joko dituzte Belodromoan bilduko diren zale guztiak gozarazteko. Fanfarlo talde londrestarraren indie-pop doinuak ere entzungo dira larunbatean Donostian. 2009an kaleratutako 'Reservoir' diskoko kantuak entzungo dira bertan, baita taldearen abesti berriren bat ere.

Gainera, We Are Standard talde getxoztarraren musika ere entzungo da. Azaroaren amaieran argitaratuko duten 'Great State' diskoko kantuak taularatuko dituzte, baita aurreko lanetako kantu dantzagarriak ere.

Bestalde, hiru talde donostiarren musika ere entzungo da entzungai Gipuzkoako hiriburuan larunbatean, Thee Brandy Hips, Krell eta Rock Privado taldeenak, hain zuzen ere.