Albisteak

Kontzertuak

Macaco, Conchita, Bongo Botraco eta La Fuga, sanferminetan

Nagore Valle

Horiez gain, beste hainbat talde eta abeslari ezagunek hartuko dute parte Iruñeko jaietan.

  • Macaco

Hasi dira sanferminak, eta kontzertu indartsuekin abiatuko dira: Foru plazan Macacok emango du zuzenekoa, eta Gazteluko plazan Guaranak. Hurrengo egunean, aldiz, Boikot taldea pasatuko da Foru plazako taulatik, eta Seguridad Social Gazteluko plazakotik. Igandean, uztailak 8, Bongo Botraco eta Robert Ramirezen emanaldiekin gozatzeko aukera izango dute jaietara bertaratzen direnek.

Astelehenean De Acero eta Sorayaren txanda iritsiko da, eta, asteartean, Ojos de Brujo eta Conchitarena. Jarraian, asteazkenean, Ken Zazpi eta Danza Invisible arituko dira taula gainean. De Acero, Ojos de Brujo eta Ken Zazpi Foru plazan egongo dira, eta Soraya, Conchita eta Danza Invisible Gazteluko plazan.

Ostegunean pop-rock nafarra izango da protagonista, Gaztelu plazan Sueños Rotos, El Señor Ramón eta Innerve taldeen kontzertuak izango baitira. Horrez gain, La Fuga talde ezaguna Foru plazan arituko da.

Bukatzeko, jaietako azken egunean, uztailaren 13an, hiru emanaldi interesgarri izango dira Iruñan: Sidonieren, Revolverren eta Anariren kontzertuak.

Foru plazako kontzertu guztiak 23:30ean hasiko dira, eta Gazteluko plazakoak, 24:00etan.