Albisteak

Jaialdia

Julieta Venegas eta Neil Halstead, Kutxa Kultur Zirkuituan

Erredakzioa

2013 irailaren 6an eta 7an egingo dute jaialdia, Donostiako Igeldo Jolas Parkean.

  • Kutxa Kultur 2012

Abian da Kutxa Kultur Festibala ekimenaren 2013ko edizioa. Jaialdia irailaren 6 eta 7rako antolatuko dute, eta Donostiako Igeldo Jolas Parkean izango da. Hitzordu handia iritsi aurretik, ordea, kontzertu ugari bilduko dituen zirkuitua prestatu dute antolatzaileek, Gipuzkoako zenbait agertokitan.

Neil Halstead, Maththew P eta The PlayScool Orchestra taldeak izango dira entzungai lehen zuzenekoan, otsailaren 9an, Donostia, Kutxa Andia Ekitaldi aretoan. Martxoaren 8an, Julieta Venegas abeslari mexikarraren eta Napoka Iria euskal taldearen txanda izango da, Getariako Balenciaga museoan.

Ondoren, Kutxa Kultur Festibalak Arrasatera egingo du bidaia, martxoaren 9an, Francis Alun Bell eta Saioren laguntzarekin. Jarraian, Adrian Crowley eta Pettiren bisita izango dugu Zarauzko Modelo zineman, martxoaren 24an. Azkenik, zirkuituak Donostian egingo du azken geldialdia, apirilaren 13an; izan ere, Nick Lowe aitzindariak eskainiko du kontzertua, Mery May abeslari arrasatearrarekin batera.

Deialdi berezia

Antolakuntzak deialdia egin nahi die 2013ko zirkuituan parte hartu nahi duten Gipuzkoako talde guztiei. Hortaz, musika@kutxakultur.com helbide elektronikora mezua bidali daiteke, honako datu hauek ipinita: harremanetarako datuak, taldearen ibilbidearen azalpen laburra, esteka, eta azkenik, bi abesti (mp3 formatuan edo on-line streaming sistemaren bidez).