Gaztea

Maketa Lehiaketa

Silitia, 30. Maketa Lehiaketako irabazlea

Berezi Fernandez | EITB Media

5.000 euroko saria eskuratuta, Bilbao BBK Liven jotzeko aukera izango du talde bizkaitarrak. Udda gasteiztarrak eraman du GazteBizHitza Saria( entzuleen saria). Aurtengo garaikur berezia, Harrobia Saria, Mirua hirukotearentzat izan da.

Silitia, saria jasotzen

Arratsalde partean entzun ditugu lehen gitarra hotsak Bilboko Kafe Antzokian, 30. Maketa Lehiaketaren final handiaren atarian. Mirua, Sara Azurza, Udda eta Silitia; lau talde eta musika egiteko, ulertzeko eta sentitzeko lau modu.

Covid-19aren pandemiak baldintzatutako iazko edizioaren ostean, ohiko formatura bueltatu da lehiaketa: gauez, Bilboko Kafe Antzokian eta edukiera muga berezirik gabe. Hala, lau finalistek publikoaren hurbiltasuna sentitzeko aukera izan dute, pandemia aurreko giroan.

Udda izan da hogeita hamargarren final handia ireki duen musikaria. Zazpi kideko bandaz inguratuta, publikoa eta epaimahaikideak hunkitzea lortu du gazte gasteiztarrak.

Atzetik, Mirua hirukote tolosarra. Hasierako arazo teknikoak konponduta, gauak behar zuen ukitu elektronikoa jartzeaz arduratu dira. Finalak duen berezko pisuaz gain, gau garrantzitsua izan da taldearentzat; izan ere, taula gainean kontatu dutenaren arabera, duela urtebete hartu zuten taldea sortzeko erabakia.

Silitia biko bizkaitarrak aurtengo edizioak behar zuen ikutu lizuna eman dio gauari. Publikoa dantzan jartzea lortu dute, baita finala streaming bidez jarraitzen aritu direnak ere.

3:22

Gaueko azken emanaldia Sara Azurza donostiarrarena izan da. Eskarmentudun bandaz inguratuta, musikari gazteak sekulako zuzenekoa eskaini du. Soul doinu leunekin oholtza bete eta publikoa bereganatzea lortu du.

Lau kontzertuak emanda, Izaro Andresek, Julen Idigorasek eta Josu Billelabeitiak osatutako epaimahaiaren txanda iritsi da. Ordu erdi luzeko eztabaidaren ostean, hitza hartu eta aurtengo irabazlearen berri eman dute: Silitia bikotea izan da gaueko talderik onena. Bizkaitar taldeak Xabier Doncel Gazteako zuzendariaren eskutik jaso du 5.000 euroko saria eta 2022ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera.

Beste bi sariak

Entzuleen Saria Udda gasteiztarrak eskuratu du, Gazteako entzuleek webgunean emandako botoei esker. Kontzertuaren ostean, Ainhoa Vitoriaren eskutik jaso du musikariak 2.500 euroko Gazte BizHitza saria.

Aurtengo edizio berezi honetan, Oso Polita diskoetxeak sari berezia banatu du: Harrobia Saria. Mirua tolosarrak izan dira aukeratuak, eta lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango dute.

Finala, nahieran ikusgai

Kafe Antzokira bertaratzeko aukerarik izan ez dutenek, finala streaming bidez jarraitzeko parada izan dute, Gaztearen webgunean eta Youtubeko kanalean. Datozen egunetan, ekitaldi osoa ikusgai izango da aipatutako bi plataformetan.