Gaztea

Musika

Betizu Taldeko hainbat kide berriz elkartu eta hiru kontzertu emango dituzte

B. F. | EITB Media

Zuriñe Hidalgo, Telmo Idigoras eta Jon Urbietak osatuko dute taldea. Donostian, Gasteizen eta Bilbon berreskuratuko dituzte 2000ko hamarkadako haurren ereserki bihurtutako abestiak.

  • Zuriñe Hidalgo eta Telmo Idigoras

    Zuriñe Hidalgo eta Telmo Idigoras. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Betizu Taldeak berriz elkartu eta hiru kontzertu berezi emango dituela iragarri berri du. Telmo Idigoras, Zuriñe Hidalgo eta Jon Urbieta, BT-ko (Betizu Taldea) kideak hirurak, oholtza gainera igoko dira 2022an. EAEko hiru hiriburuetan egingo dituzte kontzertuak eta Lokaleko leihotik, Gazteok eta Esaidazu bezalako hitak berreskuratuko dituzte. Otsailean iragarriko dituzte emanaldien datak.

2002an sortu zen Betizu Taldea, Mikel Zubimendik, Ainara Epeldek, Leire Merinok eta Uxue Rodriguezek ETB1eko "Betizu" lehiaketa irabazi ostean. Hasierako lau partaide hauei Jon Urbieta eta Karla Duran gaztetxoak batu zitzaizkien, 2003an.

Urtebete beranduago, BTko kideak aldatzen hasi ziren. Ordutik, Zuriñe Hidalgo, Telmo Idigoras, Elene Arandia, Amane Ibañez eta Saina Rouan pasatu ziren taldetik.

Ordutik, taldeko kideak ETBko platoetan elkar ikusteko aukera izan dugu. Besteak beste, Zuriñe Hidalgok eta Telmo Idigorasek "Lokaleko leihotik" abestu dute aurten "Baserria"ko platoan. Bertan, Betizu Taldean bizitakoak gogora ekarri zituzten eta errepikatzeko prest zeudela azaldu duten.

Jon Urbieta, bere aldetik, hainbatetan agertu da taldea berriz elkartzearen alde. Izan ere, bere sare sozialetan halakoak irakurri izan ditugu sarritan.