Gaztea

Ekarrizketa

Rikki DJ mutrikuarra, Tomorrowland jaialdia zapalduko duen lehen euskalduna

Berezi Fernandez | EITB Media

Bederatzi urte daramatza DJ gisa trebatzen, eta aurten izango du bere "bizitzako aukera", munduko musika elektroniko jaialdirik handienean

  • Rikki

    Rikki. Argazkia: @rikkimusic

2020an, The Sound Of Tomorrow lehiaketa irabazi zuen Rikki gipuzkoar DJak. Garaipenarekin batera, 2021eko Tomorrowland jaialdian musika jartzeko aukera lortu zuen. Koronabirusaren pandemia tarteko, jaialdia urtebete atzeratu dute eta aurten izango du DJak bere "bizitzako aukera", Belgikako Boom herrian.

Ricardo Rodriguez mutrikuar ingeniaria dago Rikki artistaren atzean. Duela bederatzi urte hasi zen musika elektronikoaren munduan murgiltzen. Rikkik berak azaldu duenez, "Euskal Herriko jaietan eta gaztetxeetan" eman zituen lehen urratsak, "hobby moduan".

Tomorrowlandek antolatutako lehiaketara aurkeztu eta irabazi ostean "serio hartzeko momentua" zela iritzi zion artista gazteak. Egun musikatik bizi ez den arren, nazioarteko elektronika jaialdiak ate asko irekiko dizkiola uste du. Bada, Lotus oholtzan (bigarren eszenatokirik handiena) arituko da Rikki, uztailaren 22an. Punta-puntako kideak izango ditu: Bassjackers, Danny Avila, Dubvision, NERVO...

Tomorrowlandeko kartela iragarri zutenetik, gonbidapen interesgarriak jaso ditu. Besteak beste, Erresuma Batura eta Mexikora joateko proposamenak jaso ditu. Bigarrenari baiezkoa esan eta duela bi aste bueltatu da Euskal Herrira, "esperientzia itzela" bizi ostean.

Uda honetan izango du Rikkik ametsa guzatzeko aukera, bi urtez Tomorrowlanden ikusle gisa egon ostean. Eta ez du bakarrik egingo; izan ere, inoizko ediziorik handiena iragarri dute aurten: hiru asteburu eta 700 artistatik gorako programazioa. Horien artean izango dira Martin Garrix, Dimitri Vegas and Like Mike, Armin van Buuren, Lost Frequencies eta Paul Kalkbrenner, Eric Prydz, Diplo, Mayor Lazer, Amelie Lens eta Robin Schulz nazioarteko artista sonatuak.