Gaztea

Elkarrizketa

Olatz Salvador: “Nire kezka da sasi-berdintasun honen falazian sinestea”

Berezi Fernandez | EITB Media

Emakumeek musikaren industrian bizi duten egoeraz, identitateaz eta subjektu politiko gisa agertu denean jaso duenaz aritu da donostiar musikaria.

  • Olatz Salvador

    Olatz Salvador. Argazkia: Ane Berriotxoa (@an_txoa)

Martxoaren 8aren bezperan, eskolan berari buruzko lan bat egin duen ume baten amaren mezua jaso du Olatz Salvadorrek. Irakurri orduko malkoa atera zaio, azken boladan "bigun samar" dabilelako, edo agian "horrelakoa" delako.

Erreferenteak identifikatu eta dagokien aitorpena egiteko prest dagoen belaunaldi batekoak garen aldetik, donostiar musikariari sentsazio gazi-gozoak sortzen dizkio beste batzuengan eragina duela ikusteak. "Sentitzen dut harrotasuna, eta, parez pare, ardura, jendearengan neurri batean behintzat eragina izan dezakedalako".

Umetan izandako erreferenteez galdetuta, ez zaio izenik otu, baina irudi bat etorri zaio burura: logelan zuen Venus Williamsen posterrarena. Denda batean oparitu zioten, eta aurretik pentsatu ez duen arren, orain "gauza asko errepresentatzen ditu", horren ustez.

Duela egun batzuk, Zinegoak jaialdiaren irekiera ekitaldian, bere "bolleratasuna" aldarrikatu zuen musikariak. Olatz haurrarentzat deserosoak ziren epaiak hizpide, neska edo mutila zen galdetzen ziotela kontatu zuen. Eta, akaso, "onespen bila jokoaren arauak betetze aldera" egindako hautuek, bere itxura "normatibotzera" eraman zutela.

Orduko epaiek, beraz, bere identitatea higatu eta gizartearen arauen aurka egiteak eragindako talka igartzea ekarri diote, halabeharrez. Hala ere, ikasi du prozesu korapilatsua onartu eta besarkatzen. "Nire fisioterapeutak dio gorputzak memoria duela, gure esperientzia guztiak barnean dituela eta ezin dugula epaitu, bizirauteko ahal duen onena egiten duelako", azaldu du Salvadorrek.

Mundura ateratzeko orduan, oro har, "oso maitatua" sentitzen da musikaria. Haatik, ohartu da plaza publikora subjektu politiko gisa agertzearen zamaz: "Politikoki lerratzen naizen bakoitzean ere jasotzen ditut epaiak, batzuetan irainak eta ni kolokan jartzeko saiakerak. Baina uste dut garrantzitsua dela. Niretzat beharrezkoa da aldarrikapen batzuk egitea, bestela ez naizelako koherentea neure buruarekin".

"Politikoki lerratzen naizen bakoitzean ere jasotzen ditut epaiak, batzuetan irainak eta ni kolokan jartzeko saiakerak. Baina uste dut garrantzitsua dela. Niretzat beharrezkoa da aldarrikapen batzuk egitea, bestela ez naizelako koherentea neure buruarekin".

Seinalatzeko beharra eta arduraz gain, nekea ere sumatu izan du. "Ezin naiz giza eskubide askoren urraketen aurrean isilik egon, baina egia da beti ez dudala indarrik zerbait esan ostean egurra jasotzeko prest egoteko", erantsi du.

Hala ere, nekeak uzten dionean eta kontrako korronteei eusteko kemena duenean, feminismoaren aldeko aldarri publikoak egiten ditu Salvadorrek. Gazteako "Yoko Ona" podcastean, sare sozialetan, intimitatean eta jendaurrean.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan, urteko beste egun askotan bezala, badu zer esana: "Nire kezka da, gizarteko beste esparruetan gertatzen den bezala, sasi-berdintasun honen falazian sinestea".

Musikaren industrian, errealitatea oraindik "gordina" dela hauteman dezake. "Ez gara musika jaialdietako musikarien % 20ra ere iristen; teknikariak, promotoreak, managerrak eta abar aintzat hartu gabe. Emakumeak falta dira baterian, ekoizpenean, muntaietan…", azpimarratu du.

Gizartearen beste esparru batzuetan gertatzen den bezala, oraindik "lehen pausoak" ematen ari gara, Salvadorren ustez. Hala, feminismoa eztabaida sozialaren erdigunera ekartzea itxaropenerako motibo izanagatik ere, "beldurra" ematen diote dagoeneko bataila asko irabazita daudela dioten diskurtsoek.