Gaztea

Sari banaketa

Taylor Swift eta Nicki Minaj, 2022ko MTVren VMAetako artista sarituenak

B. F. | EITB Media

Sari banaketaz gain, Lizzo, Jack Harlow, J Balvin eta Blackpinkek zuzeneko ikuskizunak eskaini zituzten Newarkeko Prudential Theatren (New Jersey, AEB).

  • Taylor Swift

    Taylor Swift. Argazkia: EFE

Bart ospatu dituzte New Jerseyn (AEB) MTV musika katearen VMA sariak. Urtero legez, AEBko artistarik onenak saritu dituzte zuzeneko musikarekin girotutako gala ikusgarrian.

Taylor Swift eta Nicki Minaj izan dira garaikur gehien eskuratu dituztenak. Lehenengoak zuzendari, bideoklip eta film labur onenaren sariak eraman ditu All too well film laburrari esker. Gainera, Midnights izeneko diskoaren data iragarri du Prudential Theatren bildutako publikoaren aurrean: urriaren 21ean entzungo dugu Swiften azken lana.

Minajek, ostera, ibilbide musikala omentzen duen MTV VMA Video Vanguard saria jaso du, baita hip-hop bideorik onenarena ere ("Do we have a problem?"). Red Hot Chili Peppers taldea ere omendu dute ia 30 urteko ibilbide oparoa sarituz MTV Global Icon sariarekin.

Bestelako kategorietan ere, emakumeak nagusi. Lizzok kausa bati eskainitako bideoklip onenaren garaikurra eraman du, eta BLACKPINK taldea K-Pop kategorian gailendu da. Gainera, Dove Cameronek urteko artista berri onenaren VMA irabazi du.

Anitta musikariak ere markak hautsi ditu aurtengo galan, MTV VMA sari bat (artista latino onenarena) irabazi duen lehen artista brasildarra izan baita.

Anitta, MTV VMA sarietan. Argazkia: EFE

Anitta, MTV VMA sarietan. Argazkia: EFE

Urteko artistaren saria Bad Bunnyk eraman du, Un verano sin ti diskoaren arrakastaren erantzun gisa. Garaikurra ospatzeko, Puerto Ricoko artista Yankee Stadiumen ematen ari zen kontzertuarekin konektatu du MTVk eta "Titi me preguntó" abestiaren zuzenekoaz gozatzeko aukera izan dute ikus-entzuleek.

Lil Nas Xek alfonbra beltza zein oholtza konkistatu ditu, hiru sari eskuratuta: elkarlan, zuzendaritza artistiko eta efektu berezi onenarenak, "INDUSTRY BABY" abestiaren bideoarengatik.

Bestela, Harry Stylesek hainbat sari tekniko eskuratu ditu, baita diskorik onenaren garaikurra "Harry's House" lanari esker. Talde onenarena, ostera, BTSk eraman du.