Gaztea

LATIN GRAMMY 2022

Rosaliak Diskorik Onenaren saria irabazi du aurtengo Grammy Latinoetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Fernando Velazquez musikari bizkaitarra eta Pablo Rouss konpositore eta ekoizle nafarra ere saritu dituzte gaur gaueko ekitaldian Las Vegasen.

  • Rosalia, lortutako garaikurrekin. Argazkia: EFE.

    Rosalia, lortutako garaikurrekin. Argazkia: EFE.

Rosalia izan da protagonista nagusia gaur gauean Las Vegasen izan diren Grammy Latinoen 23. edizioan. "Motomami" lanak Diskorik Onenaren saria irabazi du, Bad Bunnyren "Un Verano Sin Ti" albumarekin lehiatzen zen kategorian. Kataluniako artistak beste 3 sari irabazi ditu, hala nola Musika Alternatiboko Albumik Onena.

Rosaliak betaurreko beltzez jantzita eta ile motzarekin hasi du ikuskizuna eta "Hentai" abestia abestu du pianoa jo duen bitartean. Ondoren, oihal zurien artean, "La Fama" eta "Despechá" bere azken hita abestu ditu, eta baita Rauw Alejandro bikotekideari dantza egin ere.

Dena den, gaueko artista sarituena Jorge Drexler musikari uruguaitarra izan da, zazpi gramofono lortuta. Horien artean, Urteko Kanta Onenaren saria eskuratu du, C Tanganarekin egindako "Tocarte" abestiari esker.

Las Vegasen banatutako sarietako bi gurera datoz, izan ere, bi euskal artista saritu dituzte Las Vegasen. Fernando Velazquez Bizkaiko konpositoreak Ongien Moldatutako Saria irabazi du "El Plan Maestro" abestiagatik, Jorge Drexlerrekin batera. Pablo Rouss konpositore eta ekoizle nafarrak, bere aldetik, Pop Abesti Onenaren saria irabazi du Sebastian Yatrarekin egindako lanagatik.

Gaueko beste sorpresetako bat Bad Bunnyren hutsunea izan da. Puerto Ricoko abeslariak, aurtengo edizioan izendapen gehien lortu dituen artista izan arren, ez du ekitaldian parte hartu, askoren ezusterako.