21:22

Gaztea

Gaztea Sariak

ETS, Zea Mays, ZETAK, Bengo eta IZARO, 2023ko Gaztea Sarietan garaile

B. F. | EITB Media

ETS eta Zea Maysek bina sari eraman dituzte. Garaikurrak jasotzeaz gain, Merina Gris, Neomak, ETS eta Süne eta Suak taldeek dantzan jarri dute Euskalduna, ordubeteko gala gogoangarrian.

3:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

ETS eta Zea Mays taldeak izan dira 2023ko Gaztea Sariak emateko ekitaldian protagonista nagusiak, kategoria nagusietan nabarmendu baitira. Arabarrek artista onenaren garaikurra eta fandom onenarena eraman dituzte. Bigarrenek, ostera, disko onenarena eta bideoklip onenarena.

Neomaken "XXI Mendekua" abestiaren lehen akordeekin piztu dira Urban Halleko argiak, bandaren pandero doinuen oihartzunarekin. Jendartetik igo dira oholtza gainera, gauari behar zuen hasiera emanez.

Ainhoa Vitoria eta Julen Telleria aurkezleek publikoa agurtu eta izendatu guztien errepasoa egin dute, aurtengo kategoriak banan-banan aipatuta. Jarraian, Enekoach igo da oholtza gainera, izendatuei urduritasuna baretzeko bere ohiko gomendioak ematera.

Eta iritsi da lehen saria emateko txanda, talde edo bakarlari berri onena aitortu duena. Talentu berriei bere lekua emateko, talentua soberan duen emakume bat eta horren atzetik dabilen pertsonaia: Kai Nakai eta Padilla Salas.

Bengo oiartzuar artistak eraman du garaikurra. "Bakarrik", "Denbora" eta "Ihesi" lan arrakastatsuen egilea hunkituta eta eskertuta agertu da oholtza gainean.

IZAROk eraman zuen aurreko edizioko Gaztea Sarietan abestirik onenaren saria, eta berak eman du aurtengoa. ZETAKek irabazi du, Erramun Martikorenarekin elkarlanean egindako "Itzulera" abestiari esker. Pello Reparazek eta Erramunek jaso dute saria, txalo artean.

Argiak itzali ondoren, Merina Gris taldeko kideak agertu dira Urban Halleko bigarren eszenatokian, "Ardi Latxen Herrian" kantaren lehen notekin. Aurpegia estalita atera dira taula gainera, baina gaurkoa berezia izango zela iragarri zuten eta bete egin dute. Maskara kenduta, ez dugu Sararen aurpegia ikusi, Olaia Inziarterena baizik. Horrela ekin diote "Saiatzen naiz" lanari, publikoa aho bete hortz utzi duen ikuskizuna eskainiz.

Zuzenekoak utzitako energiari eutsita, Pello Reparaz igo da oholtzara, disko onenaren saria emateko. Zea Maysen "Adore, Kemena, Kuraia" diskoak jaso du saria, eta Aiora Renteriak eta Pitik jaso dute, 25 urteko ibilbidearen itxiera borobila dela azpimarratuz.

Jarraian, espero ez genuen beste zerbait: Behekalde berriaren estreinaldia, Sua taldearen zuzenekoarekin.

Galaren erdialdera iritsita, zuzeneko onenaren garaikurra banatu dute Albina Stardustek eta Divina Comediak. IZARO saritu dute, eta eskertuta jaso du Limones de Oro birarekin ereindakoa.

Azken bi sarien faltan, iritsi da ekitaldiko hirugarren zuzenekoa: ETS taldeko Iñigo Etxezarreta eta SÜNE ikusi ditugu, elkarrekin, "Gu Geu Garena" eta "Sunday" abestiak abesten.

Zuzenekoa bukatutakoan, Ilaski Serrano eta Ibon Fernandez agertu dira eszenatokian, gaueko azken-aurreko garaikurra emateko: bideoklip onenaren Gaztea Saria, Zea Maysen "Corazón de Tango" lanaren bideokliparentzat.

Bigarrenez igo dira oholtza gainera Aiora Renteria eta Piti, Barbara Fernandezek zuzendutako piezari esker.

Sari banaketa bukatu aurretik, gaueko sari potoloa: talde edo artista onenaren Gaztea Saria. Gorka Urbizu izan da azken garaikurra banatzeko arduraduna. Saritua: ETS. Taldearen "Sumendiak" eta "Abuela Maitea" arrakastek 2022ko marka guztiak hautsi dituzte, eta taldeak kontzertuz lepo du urtea. Hala ere, Iñigo Etxezarretak "GU" saio berezian aitortu duenez, 18 urtean jaso duten lehen sari fisikoa izan da gaurkoa.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean