09:38

Gaztea

Feminismoa

Loreak, maitasuna, boterea eta 'kintsugi'a: zeharkatu gaituzten hamaika erreferente feminista

B. F. | EITB Media

Erreferenteen, miresten dituzten sortzaileen eta feminismora gerturatzen lagundu dieten ideien bilduma egin dute Gazteako esatariek.

  • 'Retrato de una mujer en llamas' filmeko irudia

    'Retrato de una mujer en llamas' filmeko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Entzunaz eta ikusiaz egiten da bidea. Eta hala ekin diote euren ibilbide profesionalei Gazteako esatariek, ondoan zein pantailaren, orri zuriaren eta irratiaren beste aldean dituzten bidaideen lorpenei so.

Emakumeen Nazioarteko Egunean ere, sarea josten jarraitu nahi dugu. Musen adiera patriarkaletik ihesi bada ere (emakumeok ez dugu besteen inspirazio iturri soilak izan nahi, guk geuk sortu nahi dugu), begiratzeko ispiluak behar ditugulako.

Hala, sorkuntzaren bidea urratzen lagundu dieten emakume erreferenteen inguruan galdetu diegu Gazteako esatariei. Artista bat, kontzeptu bat eta ikus-entzunezko eduki kutun bana ekarri dizkigute Andrea Aranburu, Aihoa Vitoria, Leire Arrojeria, Maite Garmendia eta Sara Alonsok.

Andrea Aranburu

Artista bat: Olatz Salvador.

"Dida!"ko esatariaren esanetan, eguneroko hautuetan, "Yoko Ona" podcastean, "Mauriziak ez dau iñor hil" ikuskizunean eta bere emanaldietan emakume musikariei ematen dien tokian antzeman daiteke Olatz Salvadorrek feminismoarekin duen konpromisoa.

Musikariaren obran, "Eraman nazazu" abestiaren bideoklipa nabarmendu du Andreak: "Gorputz eta identitate ez normatiboak bildu ditu bertan, eta askotan guztiok normalak garela esatearekin nahikoa izaten ez denez, pertsonalki, asko eskertu diot modu horretara biluztu izana. Nire konplexuei aurre egiteko nahian eta dudan gorputza onartzeko borrokan, lagungarria da besteek ere eurena ikusaraztea".

Kontzeptu bat: "Eta zure aurreiritziak ez dira nire mobida. Eta zure gabeziak, egarriz. Behar duzu terapia" (Olaia Inziarte).

Nafar artistak HOFErekin elkarlanean egindako "Berak Badaki" abestian aurki daiteke esaldia. "Sekulako amorrua sentitzen dut sumatzen dudanean lagunen batek bere egiten dituela mutilaren kezkak, intseguritateak, arazoak, gabeziak, beharrak… Eta ezin ditut lagunak hainbeste sufritzen ikusi. Zuen bikotekideak gara, ez terapeutak", azaldu du.

Ikus-entzunezko eduki bat: Cris Lizarragaren Quítame la culpa fanzinea.

Indarkeria matxistaren adarretako bat da errua. Liburu honetan, Belakoko abeslariak erru hori identifikatu eta sendatzen hasteko babesa ematen digu, hainbat testigantzaren bitartez pribatua politikoa (eta kolektiboa) ere badela gogoraraziz.

Maite Garmendia

Artista bat: Alba Reche.

Abestien mezuez gain, publikoki erakusten duen kontzientzia feministak "GU"ko esatariaren bizitza markatu du. Maiterentzat, erreferente argia da Alba Reche.

Kontzeptu bat: Ines Hernanden aipu hau: "Feminismo asko dauden arren, kausa feministak eztabaida sakonagoa behar du. Komunikazio falta dagoela uste dut".

"Askotan beldurrak sortzen dira feminismo terminoaren inguruan, mezuak gero eta lausoagoak direlako". Maiteren esanetan, gizarteko arlo askotan hitzaren atzean dauden oinarrizko ideiek indarra galdu dute, eta funtsezko kontzeptu horiek gogorarazteko beharra dagoela uste du.

Ikus-entzunezko eduki bat: Retrato de una mujer en llamas filma (Céline Sciamma, 2019).

Unibertso estetiko sublime baten atmosferan, XVIII. mendean girotutako maitasun istorio LGBTI bat kontatzen du filmak. Protagonisten arteko tramaz gain, feminismoarentzat mugarriak izan diren beste hainbat gai jorratzen ditu filmak: abortua, behartutako ezkontzak, ahizpatasuna...

Ainhoa Vitoria

Artista bat: Ezin izan du aukeratu, eta honakoa proposatu digu: bost artista eta bost abesti. Rosaliaren "A ningún hombre", Olatz Salvadorren "Gelditu Hor", Rihannaren "Man Down", Rozalenen "Me arrepiento" eta Nathy Pelusoren edozein.

Kontzeptu bat: Psikologoak esandakoa: "Ez eman inori zure boterea".

"Sarritan, gure boterea beste batzuei ematen diegu eta geure burua baliogabetzen dugu. Besteei begira bagaude (ea nola erantzungo duten, ea nola begiratuko nauten…) gure boterea galtzen dugu. Boterea zerorrek izatea garrantzitsua da, eta psikologoak esandako esaldi horrek ahalduntzeko balio izan dit".

Ikus-entzunezko eduki bat: Fleabag telesaila eta Deforme Semanal podcasta.

Telesailaren kasuan, tramak berak baino Phoebe Waller-Bridge protagonista, zuzendari eta gidoilariak harrapatu du Ainhoa Vitoria. Waller-Bridgek dena egiten du Fleabagen, eta dena ondo: "Ez gaude ohituta horrelako protagonistak ikustera, botere handia du".

Deforme Semanalen kasuan, Isabel Calderon eta Lucia Lijtmaerren burutapen, iritzi eta kontakizunak entzuteak "amorru guztia ateratzeko" balio diote.

Leire Arrojeria

Artista bat: La Otra.

Musikari madrildarraren "Se Quemó" abestia, hain zuzen ere. "Ironia eta umore beltza erabiliz, bortxaren kulturaren zutabe nagusiak desegiten ditu". Honen ustez, "borroka feminista egiteko hamaika modu daudela erakusten du abestiak, eta aldarrikapen feministak umoretik eta ahots goxoarekin ere egin daitezkeela erakusten du".

Kontzeptu bat: "I can buy myself flowers" (Miley Cyrus).

Urte hasierako hitetako bat izan da Cyrusen "Flowers". Leire Arrojeriaren ezinbesteko bilakatu da abestia azkenaldian: "Ez da pentsalari handi baten esaldia, baina iruditzen zait esaten duenak esanahi oso boteretsua duela eta oinarrizko kontzeptu bat islatzen duela: norbere burua maitatzearen garrantzia".

Ikus-entzunezko eduki bat: Henar Alvarezen "La Mala Leche" liburua.

Leticia Dolera aktorearen hitzaurreaz baliatu da Leire liburu hau gomendatzeko: "umorea, inteligentzia eta perreoa". Amatasuna, sexua eta egungo emakumeen trabak ditu hizpide nobela grafikoak. Sendagarri bat izan da Leirerentzat: "Naizenaren eta emakume bezala nitaz espero denaren arteko gatazkari aurre egiten lagundu dit".

Sara Alonso

Artista bat: Olaia Inziarte eta Olivia Dean.

Olaia Inziarte Sara Alonsoren urteko aurkikuntza izan da. "Bat-batean agertu da eta bere lekua hartu du Euskal Herriko eszenan. Bere musika eta bere jarrera oso magnetikoak iruditzen zaizkit. Umiltasuna eta naturaltasuna transmititzen ditu, baita sekulako indarra eta boterea ere. Beharrezkoa zen".

Kanpora begira, Olivia Dean miresten du Sarak. Kasu honetan ere, artistaren indarra eta konfiantza dira bere ezaugarririk erakargarrienak: "Ikusten dudan bakoitzean pentsatzen dut: 'Nik ere horrelakoa izan nahi dut'".

Kontzeptu bat: Kintsugia.

Japoniar artean aplikatzen da teknika hau, apurtutako piezak (zeramikak eta portzelanak, batik bat) batu eta urre koloreko material batekin konpontzeko. Hautsitako zatietatik pieza eraberritu eder bat atera daitekeela sinesteak erabat ahalduntzen du Gazteako esataria.

Ikus-entzunezko eduki bat: "La vida y tal" podcasta.

Ana Milan eta Sebastian Gallegok egunerokoan gertatzen zaizkigunez hitz egiten dute podcast honetan, esperientzia propioetatik abiatuta gehienetan. "Ana Milan asko gustatzen zait, asko miresten dut emakume horrek edozein egoerari aurre egiteko duen azkartasuna eta segurtasuna", azaldu du Sarak.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean