Gaztea

Elkarrizketa

'Bele': tradizio afrikar-amerikarra eta musika urbanoa, Lide Hernandoren bakarkako proiektu berrian

B. F. | EITB Media

Ekainaren 8an estreinatuko dugu, esklusiban, 'Bele'ren estreinako abestia. Aurretik, artistarekin hitz egiteko aukera izan dugu Gaztean.

  • Bele

    Bele. Argazkia: Iratxe Etxeandia

Urtebetetik gorako epean, ilusio handiz, "su baxuan" eta ondo inguratuta sortu da Bele, Lide Hernando donostiarraren bakarkako proiektu berria. Liher taldean ezagutu genuen artista, baina bertan jorratzen duen rocketik aldendu eta erroetara bueltatzeko prest dator oraingoan.

"Ni berez ez nator rocketick, bluesa, soula eta afikar-amerikar musika beltzaren adar horietatik nator, eta denbora neraman sustrai horietara itzultzeko gogoarekin", azaldu du musikariak.

Itzuli bai, baina eguneratuta, egungo musika urbanoko elementuak nahasiko baititu aipatutako erreferentziekin. Fusio hori definitzeko modurik egokiena sortze prozesua bera azaltzea dela dio artistak.

"Melodia eta letrekin joan ohi naiz estudiora. Melodia horiek musika beltzeko zerbait izan ohi dute gehienetan; souletik, bluesetik edota rhythm and bluesetik eratorriak. Ostera, ekoizten hasten garenean, saiatzen gara tresna organikoak (gitarra, baxua eta bateriaren elementu batzuk, bereziki) instrumentu elektronikoekin nahasten, abesti bakoitzak eskatzen digunaren arabera. Beraz, esango nuke egungo musika urbanotik sintetizadoreak, hip-hopeko beaten bat edota ahots efektu solte batzuk txertatu ditugula", erantsi du elkarrizketatuak.

Hori guztia "oso modu askean" eta hasierako erreferentziak "gehiegi zikindu gabe" egiten saiatu da Bele, Iñigo Etxarriren laguntza ezinbestekoarekin: "Ia-ia proiektuaren sorreratik ondoan izan dut, eta ekoizpen lan handia egiten ari da".

Ekoizpenean soilik ez eta Beleren unibertso estetikoan ere bidaide paregabeak topatu ditu artistak. Iratxe Etxeandia argazkilariarekin landu du irudia. Gainera, laster aterako duen bideoklipean Nitya Lopez zuzendariarekin lan egiteko "ohorea" izan duela aurreratu digu.

Goizegi den arren, kolaborazioetarako hainbat ideia dituela dio musikariak. Buruan bueltaka dituenak gauzatzea lortuz gero negar egingo duela baino ez digu aurreratu nahi izan.

Zuzenekoak, "jende onerarekin" inguratuta

Kontzertuak emateko "denbora dexente" beharko duela azpimarratu duen arren, prest dago taula gainerako saltorako.

Eta ez du bakarrik egingo. "Aurrera begirako kontzertuetatako banda bat osatu dut, baina oraindik ezin dut esan nortzuk izango diren. Honakoa baino ez dut esango: taldea 'bonbazo' bat izango da".

'Bele'ren lehen abestia, Gaztean esklusiban

Beleren lehen abestia eta horren bideoklipa ekainaren 9an iritsiko dira plataformetara.

Hala ere, proiektua egun bat lehenago ezagutzeko aukera emango dizuegu Gaztean, ekainaren 8an "Dida!"n estreinatuko baitugu Beleren lehen singlea.