Gaztea

Ikasturte berria

Hasi da Gaztearen denboraldi berria

B. F. | EITB Media

Gogotsu ekingo diogu ikasturteari, irailaren 11tik aurrera, aste barruko zein asteburuko eskaintza oparoarekin. Aurpegi ezagunak, berriak, musika, umorea, Internet, joerak eta gurean gertatzen den guztia aurkituko duzu irratiaren beste aldean.

  • Gazteako estudioa

    Gazteako estudioa

Irailaren 11n abiatu du Gazteak denboraldi berria, aurrekoari eutsita eta hainbat berrikuntzarekin. 'Dida!', 'GU', 'B Aldea' eta 'Top Gaztea' saioek ohiko martxari eutsiko diote, gonbidatu, kolaboratzaile, gai eta tarte berriekin.

Denboraldia behar bezala hasteko, sekulako festa antolatu dugu. Astelehenean bertan, 'Gu' saio berezia egin dugu, Bilboko BBK Salatik zuzenean. 17:00etan hasi eta 20:00ak arte, gonbidatuz beteriko arratsaldean. Gero, Huntzako lagunek kontzertu berezia eskaini dute.

'Dida!'

Goizeko saioak ohiko martxarekin esnatuko gaitu, astelehenetik ostiralera, 07:00etan hasi eta 11:00ak arte. Aurreko denboraldian bezala, Julen Telleria, Andrea Aranburu, Antton Telleria eta Jon Gotzon Aldaparena izango ditugu bidelagun.

Iratzargailu lanak egiteko energia adina biltzeko, lagun berriz inguratuko da laukotea. Joxe Mari Apaolaza kazetariaren bisita jasoko dute, kirol errepasoa egiteko. Iker Plazaola ere bertan izango da, kalearen ahotsaren bozeraimale lanetan. Azkenik, Miren Nogalesek, Andoni Ollokiegik eta Euskoprincessek osatuko dute asteroko menua.

Kolaboratzaileez gain, pertsonaiak ere ez dira faltako: DJ Malaika eta Chanson Telleria ezagutuko ditugu aurtengo irrati urtean.

'Gu'

Denboraldi berrian, musika izango da arratsaldeko magazineko protagonista, 17:00etatik 20:00etara arte. Momentuko estreinuak eta hitak entzuteaz gain, musikaren munduko bitxikeriak kontatuko dizkigute Ibon Fernandezek eta Alain Perezek.

Gaizka Izagirrek pantaila txikiko zein handiko gomendioak ekarriko dizkigu beste urte batez. Gainera, Ainhoa Etxebarria bere etxeko sukaldetik sartuko zaigu zuzenean, afaria egiten duen bitartean. Alexander Padillak ere gurean jarraituko du, "GUeding" izeneko ezkontzen inguruko tartearekin.

Horren gain, aurpegi berriak ere pasatuko dira guretik. Irati Erauskinek sare sozialetan gertatzen ari den guztia ekarriko digu, eta Eneritz Aulestia musikaria (Neomak) egunerokotasuneko obsesioei buruz arituko zaigu. 

'B Aldea' 

Iluntzeetan, musika gehiago. Julen Idigorasek egunerokoan eskapatzen zaizkigun berri, bitxikeria eta estreinuak ekarriko dizkigu, astelehenetik ostegunera, 20:00etatik 22:00etara

Euskal eszenako musikarien elkarrizketak ez dira faltako, ezta ikuspegia zabaltzen lagunduko diguten kolaboratzaileak ere ez. Xalba Ramirez musikari eta kazetariak eszenako proposamenik bitxienak ekarriko dizkigu, iaz legez, 'D Aldea' tartean. Lorea Argaratek ere gurean jarraituko du, Berlindik zuzenean, teknologia eta musikarekin zerikusia duen guztiari so; eta Ainhoa Vitoriak pil-pilean dauden artisten inguruan hitz egingo digu astero.

Gainera, ahots berriak entzungo ditugu Gazteako iluntzeetan. Kattalin Barcenak (J Martina) musika korronteen inguruko testuinguru sozialak izango ditu hizpide. Bestalde, Joseina Etxeberria Gazteara bueltatuko da hamabostean behin, gaur egungo joerak ulertzen lagunduko diguten atzerabegirako bidaiak egiteko. 

'Top Gaztea' 

Larunbatero, 11:00etatik 13:00etara, Oihan Vegak eta Oizeder Mayok Gazteako musika-proposamenak ekarriko dizkigute. Entzuleek bozkatutako abestiak zeintzuk diren jakingo dugu asteburuero. 

Maketa Lehiaketa

Irrati denboraldi berriarekin batera, bueltan da Gaztea Maketa Lehiaketa. Euskal Herriko musikari hasiberri onenak bilatzeari ekingo diogu hogeita hamabigarrenez. Irailaren 11n irekiko dugu abestiak aurkezteko epea, eta urriaren 9an itxi.

Aurretiko aukeraketa eta bozketa prozesua igarota, azaroaren 16an jakingo dugu irabazlearen izena, Bilboko BBK Salan egingo dugun final handian.

Irratitik harago

Ikasturte berriko martxa hartuta, bueltan dira Gazteako podcast eta saio bereziak. Irailaren bukaeran iritsiko da "Zulora" saioaren hirugarren denboraldia. Beti legez, atalak gure YouTube kanalean eta webgunean izango dira ikusgai.

Gainera, "Itsatsita" web telesaila estreinatuko da irailaren erdialdera. Miren Arrieta eta Gari Uriarte aktoreek aurkeztuko digute produktua, irailaren 11n, Gazteako denboraldi hasierako "Gu" saio berezian.