Gaztea

Buru osasuna

Gizarte gaixoari, osasun mentala

Berezi Fernandez | EITB Media

Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean, sistema kapitalistak gazte eta nerabeen ezinegon nagusietan duen eragina izan dugu hizpide Ana Saenz psikologoarekin.

Interneten, lagunartean, tabernetan, kaleetan… inoiz baino gureago sentitzen dugu buru osasuna eta honekin dugun harremana. Gure traumak hizpide dituzten klik arineko artikuluek, biral bihurtzen diren nortasun testek eta etxean sentiarazten gaituzten meme kontuek gertatzen ari zaigun horrekin konektatzen gaituzte; sarkasmoz, autoparodiaz eta zintzotasunez beteriko mezuekin.

Ginena, garena eta izan nahi duguna besarkatzeko balio digute, izena emateko, baita isildutako sentipenei atea irekitzeko ere. Barrura begira jartzen gaituzte, mugikorreko pantallan hasi eta egongelako isiltasunean bukatzen den ibilbide introspektiboan: "ni naiz, literalki".

Barne bidaia horretan, baina, buru osasunarekin zerikusia duten arazoen muinari eusteko norabidea galdu dugula azaldu digu Ana Saenz psikologoak. Osasun mentala gure eguneroko elkarrizketetan txertatu dugu, baina zer egin, gertatzen zaigun hori identifikatzeko bide bakartian, arazoa gurea dela sentitzen dugunean? Nola barneratu estutzen gaituzten gaiei heltzeko ikuspegia zabaldu behar dugula? Gertatzen zaiguna identifikatu ostean, zer?

Elkarrizketatuak argi dauka: "Gure egonezinetako asko komunitate oso baten egonezinak dira. Gaur egungo gaitz gehienak ez dira isolatutako kezkak, bizi garen gizarte sistemaren ondorio komunak baizik". Psikologoaren esanetan, asko hitz egiten da osasun mentalaz, baina gaiari "psikiatrizaziotik eta patologizaziotik" heltzen zaio: "hitz egin ezazu zure traumez, joan zaitez terapiara, baina ez zaitezte atera eremu pribatutik".

Profesionalen laguntza behar duten patologiadun zein patologiarik gabeko pertsonak daudela baztertu gabe, gizartearen zati handi batek dituen antsietate eta inpotentzia sentipenak (lana, produktibitatea, identitate eta rol hegemonikoak, familia eta harreman mingarriekin lotutakoak) komunitarioak direla azpimarratzeko beharra dagoela uste du Saenzek.

"Sistema kapitalistak prekarietate psikikoa eragiten du, menpeko subjektu zaurgarriak behar ditu eta ez ditu eskaintzen trabei aurre egiteko tresnak"

Atsekabe amankomun horiek sendatzeko zailtasunak ditugu, mina denona den arren orbana gure azalean baino ez dugulako ikusten. "Sistema kapitalistak prekarietate psikikoa eragiten du, menpeko subjektu zaurgarriak behar ditu eta ez ditu eskaintzen trabei aurre egiteko tresnak. Hala, bizitzako arazo arrunten aurrean, ez dugu aurrera egiteko baliabiderik eta ez dakigu zer egin, ez ditugulako landu porroterako eta duelurako gaitasuna, frustrazioa…", azaldu du.

Elkarrizketatuaren hitzetan, "aurrera egiteko eskura ditugun proposamen guztiek beti izango dute indibidualismoarekin lotura, sistema indibidualista batean bizi garelako".

Sare sozialak eta errealitatearekin lotura galtzea

Sare sozialek buru osasunean duten eraginaz galdetuta, erpin asko dituen gaia dela aipatu du psikologoak. "Aurretik azaldu bezala, sistemak babesgabe, ahul eta urduri sentiarazten gaitu, eta nerabeen kasuan, adibidez, egoera konplikatu egiten da. Nerabezaroak bilaketa eta aurkikuntzarako fase ederra izan beharko luke, baina ez da gertatzen. Zergatik? Aldaketa fase horretarako tresnarik gabe daudelako".

Autoezagutzaren bide malkartsu horretan, sare sozialak bizileku bihurtzen dira askorentzat, "bizitza errealean besteekin harremantzeak eragiten dizkigun zailtasunak" ekiditeko. Adituaren hitzetan, sareen gehiegizko erabilpenak gizarte gisa ditugun gabeziak indartzen ditu: besteekin konparatzen gara, eskura ezinak diren ezaugarri idealizatu eta lorrezinen atzetik korrika.

"Nerabezaroa eta gaztaroa geure buruak deskubritzeko aroak dira, eta identitate horren eraikuntza besteekin dugun harremanean oinarritzen da. Zenbat eta benetako harreman erreal gutxiago izan, orduan eta zailagoa egingo zaigu geure buruak ezagutu eta onartzeko prozesu hori", erantsi du Saenzek.

Inoiz baino informazio gehiago, betiko indarkeriekin

Nahi beste informazio eskuragarri dugun honetan, gizarte borrokek sekulako oihartzuna eragiten digute. Hala ere, etengabeko gatazkan bizi gara: zer garen esateko inoiz baino askatasun handiagoa dugu, baina errealitatea bizileku arriskutsua da askorentzat oraindik.

Identitatearekin lotutako gaietan bereziki garbi ikusten dugu aipatutako talka: "Bizi dugun une historikoan, hainbat aldaketa izaten ari dira, aurreko mendean zalantzan jartzen hasi ginen hainbat mandatu hegemoniko deusestatu ditugu (generoarekin eta identitate disidenteekin zerikusia dutenak)". 

Hala ere, egunero esnatzen gara eraso lgtib+ fobiko, matxista eta arrazisten berriekin. "Aurrera egin nahi dugu, baina urteetan zehar eraikitako egitura mingarrien erresistentziekin egiten dugu topo", azaldu du psikologoak. 

"Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen gizartea eraiki behar dugu"

"Gazteek transformazio aro bat bizi dute, baina egoera nahiko nahasia da, erreferente egoki gutxi baitituzte. Sentitzen dugun eta garen horretatik guztitik abiatzeko askatasuna izaten hasteko, nahitaezkoa da honaino eraman gaituzten logikak, dinamikak eta binkuluak aztertzea".

Saenzen ustez, ikuspegiaren hedapenean dago aipatutako guztia borrokatzeko giltza: indibidualismotik irten, eta kolektiboan hausnartu. Honen esanetan, egungo sistemak ez digu osasun komunitarioa zaintzen uzten. "Gertatzen zaigunari buruz hitz egiteko espazioak behar ditugu, taldean hausnartzeko tokiak, soilk horrela lortuko ditugu denontzat baliagarriak diren irtenbideak. Transformazio horrek gizartea irauliko luke, baina gaur egun ez da ematen errazagoa delako norbanakoak tratatzea sistema osoaren eraldaketa bilatzea baino".

Hala ere, aldaketa geroraezina dela argitu du: "Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen gizartea eraiki behar dugu".