Gaztea

Kontzertuak

ETSk bere 20. urteurrena ospatuko du 2025eko martxoaren 22an, BECen egingo duen ekitaldi "historikoan"

Agentziak | EITB Media

'20 urte ZURE ESKUTIK' lelopean, ekintzaz jositako eguna izango da. Bukatzeko, kontzertua emango du taldeak, denboraldi batez oholtzak utzi aurretik.

  • En Tol Sarmiento

    En Tol Sarmiento

En Tol Sarmientok ekitaldi masiboa egingo du 2025eko martxoaren 22an, taldearen 20. urteurrena ospatzeko. Iñigo Etxezarretak "Dida!"n kontatu digunez, Barakaldoko BECen izango da hitzordua, '20 urte ZURE ESKUTIK' lelopean.

Taldekideek adierazi dutenez, BECa betetzea da "betetzeko duten azken ametsa". Hala azaldu dute gaur plazaratutako prentsa oharrean: "Gure zaleek esperientzia berezi bat merezi dute eta horregatik pentsatu dugu ekitaldi historiko hau egitea. Urtebete dugu lana aurrera eramateko eta badakigu gure ibilbidean mugarria izango dela martxoaren 22koa".

Hamaika jarduera izango dira egunean zehar eta kontzertu batekin bukatuko dute eguna. Taldeak aurreratu duenez, aipatutako jarduerez gain, gonbidatutako taldeak izango dira taula gainean.

Zaleek aurre salmenta esklusiboan izena emateko aukera izango dute, abenduaren 13tik 15era bitarte. Sarrerak hilaren 18an izango dira eskuragarri, 10:00etatik aurrera, taldearen webgunean.

BECera gerturatzeko autobus zerbitzu berezia izango da Altsasu, Zornotza, Arrasate, Azkitrian, Azpeitia, Bakio, Beasain, Bermeo, Donostia, Durango, Eibar, Ermua, Errenteria, Gernika, Irun, Iruñea, Lizarra, Oñati, Tafalla, Tolosa, Gasteiz eta Zarautzetik joan etorriak-egiteko.