Gaztea

Musika

Gazteako esatarien maitasun kanta kutunak, San Valentin egunez

B. F. | EITB Media

Abesti guztiak izan daitezke maitasun abestiak, baina denok ditugu bihotzean gordetzen ditugun kanta kutunak. Horien zerrenda osatu dugu Gazteako erredakzioan.

San Valentin egunez, maitasun kanta gustukoenen inguruan galdetu dugu Gazteako erredakzioan. Esatarien proposamenak bilduta, berezia den norbait ezagutu genuen eguna gogora ekartzen diguten kantak, urteetan zehar zahartu ez direnak edo egun maitemindu gaituzten abestien playlist berezia osatu dugu.

Goizean goizetik entzuleak esnatzeaz arduratzen da eta ordu horietan zaila da maitasunean pentsatzea. Hala ere, Andrea Aranbururen bi amodio kanta kutun proposatu dizkigu: Tapia eta Leturiaren "Maitatzen zaitudalako" klasikoa eta Charlotte de Witte eta Enrico Sangiulianoren "The Age of Love".

"Dida!"ko lantaldearekin jarraituta, Jon Gotzonek ere egin du bere hautua, iragana eta oraina uztartuz. Kemen Lertxundiren "Esuri 1099"k maitemindu zen egunak ekartzen dizkio gogora eta George Michaelen "Jesus to a Child" da egun maiteminduta duen kanta.

Sara Alonso eta Leire Arrojeriak eguerdiak alaitzen dizkigute eta eurek ere badituzte iltzatuta hainbat maitasun doinu. Norah Jonesen "Thinking About You" eta IZAROren "Hainbeste" dira Sararen kanta kutunak; Leirerena, ostera, Idoia Asurmendik kantatutako Eskean Kristö taldearen "Deabrua"ren bertsioa.

"GU"ko kideek ere proposatu dizkigute bina kanta. Maitasunaz galdetuta, bi hauek etorri zaizkio burura Ibon Fernandezi: Usher eta Jeezyren "Love in This Club" eta MUNAren "I Know A Place". Alain Perezek, ostera, bi hauek aukeratu ditu: Frank Oceanen "Bad Religion" klasikoa eta Ben Howarden "I Forget Where We Were".

"B Aldea"n ere badago maitasunerako abestientzako tokia. Biffy Clyroren "Many Of Horror" da Julen Idigorasen maitasun kanta eztabaidaezina. Bigarrena, berriz, BLANCO italiar artistaren "Afrodite".

Maitasuna eman eta jasotzeko une aproposenetarikoa da asteburua. Ondo dakite "Top Gaztea"ko kideek. Oizeder Mayok hamaika aukeratuko lituzke, baina hiru hauekin gelditu da: Habiren "Berde", Natalia Lacunzaren "nana triste" eta Merina Grisen "lilili". Oihan Vegak, ostera, klasiko bat: Lor bizkaitarren "Zure doinua".

Hitetan adituak dira Joseba Sacristan eta Maider Gorostegi. Maitasunerako, baina, nazioarteko zerrendak alde batera utzi eta hautu pertsonalagoa egin dute. Yeah Yeah Yeahsen "Maps" eta Sinéad O'Connorren "Nothing Compares 2U" dira Sacristanen gustukoenak. Maider Gorostegik, aldiz, beste bi hauek ekarri dizkigu: The Nationalen "Terrible Love" eta Sufjan Stevensen "Mystery of Love".

Jon Fernandez sare sozialetako lankideak ere badu bihotza dantzan jartzen dion kanta: IZAROren "Paris".