X-gaztea box-X

X-gaztea box-X

Gaztea Box

Elkarrizketa

Olaizola: "Aurkari gogorra daukat, baina ongi aurkitzen naiz"

'Gaztea Box' saioan izan da Goizuetako pilotaria igandeko hitzordu garrantzitsua hizpide hartuta. "Igandea heltzeko gogoa dut", aitortu du.

Igandean Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatuko du Aimar Olaizolak Bilboko Bizkaia Frontoian. Hiru egun besterik ez dira geratzen, hortaz, Jokin Altunarekin nor baino nor gehiago aritzeko, eta final handi horren inguruan hitz egiteko gonbidatu dute 'Gaztea Box' saiora pilotari nafarra.

Dagoeneko egin beharreko lanak burututa daudela aitortu du Olaizolak, Gaztea Irratian egindako elkarrizketan. "Orain garrantzitsuena egindako lan horri eustea da. Igandea heltzeko gogoa daukat", adierazi du.

Hamargarren finala jokatuko du goizuetarrak, eta argi utzi du sentsazio onak dituela. "Aurreko partiduetan maila ona erakutsi dut. Badakit aurkari gogorra daukadala, baina ongi aurkitzen naiz eta hori da garrantzitsuena", esan du. Altunari buruz hitz egitera ere ausartu da: "Gaztea izateaz gain, pilotari handia ere bada".

Finalera begira egin beharreko prestaketa lanei buruz galdetuta, aitortu du fisikoki ohituta dagoela mota horretako partiduak jokatzera, baina tentsioa eta urduritasuna oraindik ere pairatzen dituela.

Etorkizunaz ere mintzatu da Olaizola, eta epe laburrean frontoia uzteko asmorik ez duela azpimarratu du. "Inoiz ez dut pentsatzen azken finala izango denik, normalean kazetariak izaten dira galdera hori egitera ausartzen direnak. Gorputzak esan arte jokatuko dut, eta oraingoz ondo nago", gaineratu du.