eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3txulo

3txulo

3txulo

Saio berria ETB3n

'3txulo' saio berria estreinatu du ETB3k

A.A. | EiTB

2ttor (Iker Galartza), 4ra (Amancay Gaztañaga), Xbel (Zuriñe Hidalgo), Gorritxo, Sasi eta Lainoren gorabeherak izango ditu ardatz.

0:23

Euskal Telebistaren haur programazioa indartzera datorren '3txulo' saio berria estreinatu da ETB3n. Sei pertsonaia izango ditu protagonista programak: 2ttor (Iker Galartza), 4ra (Amancay Gaztañaga), Xbel (Zuriñe Hidalgo), Gorritxo, Sasi eta Laino. Horien abenturak eta elkarbizitzaren gorabeherak ezagutuko dituzte bertan etxeko txikienek.

Saioa goizean, eguerdian eta arratsaldean izango da ikusgai, eta, beraz, umeek primeran pasatu ahal izango dute telebista aurrean eskolara joan baino lehen, bazkalorduan eta etxeratzen direnean.

ETB3 eduki propioz beteko du tarte berriak. Goizean, 08:20 aldera, 'Doraemon' telesailaren ondoren emango da; eguerdian, 13:15 aldera, 'Rekkit Untxia' eta 'Blackie eta Konpainia' marrazki bizidunen artean; eta arratsaldean, 19:40 aldera, 'Maya Erlea' telesailaren ostean.

Erabat ezberdinak diren sei pertsonaiaren topagune dibertigarria izango da '3txulo', eta horien kezkak, ilusioak, poztasunak, tristurak, barreak, kantuak eta dantzak erakutsiko ditu.

Bittor (2ttor) iraganetik dator. Guztia iruditzen zaio berria, ezezaguna. Baina gauzekin beldurtu beharrean, bitan pentsatu gabe heltzen die. Inuzente eta trakets samarra da, txantxazalea ere bai. Iker Galartzak gorpuztuko du.

Amancay Gaztañaga dugu Laura (4ra), etorkizunetik datorren neska alai eta zoriontsua. Harritu egiten da bere garaiko asmakizunik gabe nola bizi garen ikusita. Kirol eginez eta elikadura zainduz, bizitza osasuntsuaren aldeko aldarria egiten du. Gustuko du Bitorri adarra jotzea, baina haren inuzentekeriek bere onetik ateratzen dute.

Ixabel (Xbel) pertsonaia Zuriñe Hidalgok gorpuztuko du. Kantatzea, margotzea eta artearekin zerikusia duen guztia maite duen gaur egungo neska da. Bittor eta Laura ondo konpontzea da horren helburua, iragana eta etorkizuna oso garrantzitsuak direlako.

Gorritxo atenporala da; bihurria, jostalaria eta oso jakintsua. Munduaren historiako gertakizun guztien lekuko izan dela dio. Bera izango da '3txulo'ko ikur eta irudia.

Sasi eta Laino galtzerdi parea dira, eta inork ez daki noizkoak diren; izan ere, baten batek inoiz nonbait galdutakoak dira. Sasi oso ezkorra da; Laino, berriz, ameslari hutsa.

Sei pertsonaia horien gorabeherak telesail moduan eskainiko dira. Baina, horrez gain, mikrotxulo izeneko atal bereziak izango dira ikusgai egunero. Zientzia, eskulan, esperimentu, trikimailu, sukaldaritza eta bitxikerien bitartez, umeen irudimena bultzatuko da, eta horien ezagutza eta jakintza zabaltzeko tarteak ere egongo dira: historia, geografia, literatura, kirolak, animaliak eta beste hainbat gai jorratuko dituzte.

Euskal Herriko haurren parte hartzea zabalik egongo da '3txulo' saioan, marrazkiak bidaliz eta urtebetetzea zorionduz.

Gogoratu, bestalde, EiTBk haurrei zuzendutako eskaintza zabala duela Hiru3 webgunean. Euren marrazki bizidun kuttunenak eskueran dituzte web horretan, eta hemendik aurrera '3txulo' saioko edukiak ere izango dituzte bertan. Marrazkien eta argazkien galeriak, eskulanen eta jokoen txokoak, eta marrazki bizidunen telesailetako abestien tarteak ere izango ditu. Gainera, orain arte bezala, Hiru3 komunitateko bazkideei zuzendutako zozketak antolatuko dituzte webgunean.

webgunean.

webgunean.