eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Haur programazioa

Haur programazio berezia, Gabonetan, ETB3n

EITB

Eguberrietako opor garaian, ikuskizun bereziak, zirku emanaldiak eta animazio filmak izango dira ikusgai Euskal Telebistako hirugarren kanalean.

  • Gabonetako programazioa

    Gabonetako programazioa

Abenduaren 21etik aurrera, Gabonetako programazio berezia eskainiko du ETB3k, etxeko txikienei zuzenduta. Besteak beste, ikuskizun bereziak, zirku emanaldiak, animazio filmak, 'Go!azen 6.0' telesaila, marrazki bizidunak eta '3 Ene Kantak' saioaren atal berriak izango dira ikusgai  Eguberrietako oporraldian zehar.

'3 Ene Kantak', 'Go!azen' eta marrazki bizidunak

'3 Ene Kantak' saioaren ordutegian aldaketak izango dira. Goizeko programa 09:30ean hasiko da, eta bazkalosteko urtebetetze bideoaren sekzioa, berriz, 14:00etan izango da ikusgai, astelehenetik igandera. Iluntzean, 20:30ean izango da eguneko bigarren hitzordua, Eneko, Nere, Urbi eta konpainiarekin, astelehenetik ostiralera.

Larunbatero, 'Go!azen 6.0' telesailaren atal berria izango da ikusgai, 15:30ean, ETB3n.

Marrazki bizidunak ere ez dira faltako Gabonetako oporretan, eta 'Yoko eta lagunak' marrazki bizidunen atal berriak izango dira ikusgai goizetan, abenduaren 21etik aurrera. 'Spirit zaldi askea', 'Yeti kontu-kontari', 'Pippi Kaltzaluze', 'Doraemon', 'Tib eta Tumtum' eta beste hainbat marrazki bizidun ikusten igaro ditzakezu Gabon egunak.

Animazio filmak, egunero

Egunero, animazio filmak ikusteko aukera egongo da ETB3ko arratsaldeetan, 15:30ean. Besteak beste, The Lego Batman Movie, Zikoinak, Angry Birds, Pan Sekula Betirako bidaia, Itsasontziak. Erreskatean!, Alfonbra magikoa eta Doraemon Stand By Me izango dira ikusgai.

Abenduaren 23an eta 24an, Olentzero protagonista duten filmak izango dira ikusgai goizean zehar: Olentzero, Gabonetako ipuina, Olentzero eta oparien ordua eta Olentzero eta Amilaren sekretua, besteak beste.

Ikuskizun bereziak

Ene Kantak eta Kantu Kolore taldeek emankizuna eskaini zuten urriaren 12an, Barakaldoko BECen egin zen HIRU3 Jaian, eta sekulako giroa jarri zuten BECeko laugarren pabiloian. Bi ikuskizun horiek izango dira ikusgai abenduaren 25ean, 21:00etatik aurrera, ETB3n.

Pailazoak izango dira protagonista abenduaren 28an eta 29an ETB3n. Abenduaren 28an, 20:30ean, Euskal Herriko hiru pailazoren emanaldi berezia ikusi ahal izango da: Txirri, Mirri eta Txiribiton: Xaguxorroski kondea. Ikuskizun hori azaroan grabatu zuten Tolosan. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua ikuskizunak ere izango du bere tartea ETBko hirugarren kanalean; abenduaren 29an, 20:30ean, zehazki.

Eta, nola ez, Olentzerok eta Mari Domingik Euskal Herriko etxeetan opariak utzi baino lehen, Bilbon egingo dute geldialdia, indarrak hartu eta bertaratutako guztiak agurtzeko. 'Olentzero eta Mari Domingiren etorrera' zuzenean eskainiko da, 17:15 aldera, abenduaren 23an.

Bestalde, hainbat zirku emanaldi eskainiko ditu ETB3k, 22:00etan hasita. Cirque du Soleil-en Amaluna eta Kooza ikuskizunak izango dira ikusgai asteartean, abenduaren 24an.