Ekonomia -

Langileen Eguna

Hainbat manifestaziok Euskal Herri osoko kaleak hartu dituzte Maiatzaren Lehenean

Ipar Euskal Herrian, CFDT, CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek indarrak batu dituzte Baionan; Hego Euskal Herrian, aldiz, lau sindikatu nagusiek, banatuta, manifestazioak antolatu dituzte euskal hiriburuetan.

ELA sindikatuaren Bilboko manifestazioa. Argazkia: @ELASINDIKATUA
ELA sindikatuaren Bilboko manifestazioa. Argazkia: @ELASINDIKATUA
ELA sindikatuaren Bilboko manifestazioa. Argazkia: @ELASINDIKATUA

Eriz Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal sindikatuek Maiatzaren Leheneko ospakizunei heldu diete asteazken honetan, hobekuntzak eskuratzeko borrokarako eta konfrontaziorako deien eta soldata igoerak eta lanaldi txikiagoak lortzera bideratutako aldarrikapenen artean. Hego Euskal Herrian, sindikatu gehienek 11:30ean abiatu dituzte mobilizazioak; Iparralden, aldiz, ordu erdi lehenago atera dira kalera.

Hego Euskal Herrian, aurten ere, ordezkaritza duten sindikatuak bereizita ospatzen ari dira eguna, Euskadiko CCOOk eta UGTk izan ezik, elkarrekin ari baitira; eta, aurten ere, Bilbo da deitutako manifestazioen agertoki nagusia, LABek bultzatutakoa izan ezik, Iruñean bildu baititu militante eta jarraitzaileak. Bestalde, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) manifestazioa deitu du Bilbon, "Badago alternatiba" lelopean; mobilizazioa 13:00etan hasiko da Jesusen Bihotzetik eta Gas plazan bukatuko da 14:30ak aldera.

Baionan (Lapurdi), aldiz, bost sindikatuk manifestazio bateratua deitu dute. CFDT, CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuak mobilizatu dira, "Fatalitaterik ez da. Ondasunen banaketaren alde!" lelopean. Manifestariak 11:00etan abiatu dira Santizpiritu auzoko Santa Ursula sindikatuen etxetik. Manifestazioa merkatu plazan amaituko da, eta bertan, deitzaileek jakinarazi dutenez, "sindikatu herrixka bat" antolatuko dute, janariarekin eta edariarekin, "langileen artean hitz egiteko une garrantzitsua baita".

Bilbon, Kale Nagusia milaka pertsonaz bete da berriro ere, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek eta beste sindikatu txikiago batzuek ere egindako manifestaziorako deiari erantzunez.

ELAk mobilizazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean, biak 11:30ean, baina Mitxel Lakuntza idazkari nagusia Bizkaiko hiriburuan antolatutako mobilizazioan izan da. "Antolatu, borrokatu, irabazi" da ELAk aurten aukeratu duen leloa, "langileriarentzako lorpenak" borroka sindikaletik baino ez datozela eta "aldaketa soziala konfrontazio politiko, sozial eta sindikalaren bidez bakarrik etorriko dela" sinetsita, Lakuntzaren arabera.

Sindikatu abertzaleko buruzagiak defendatu duenez, "zenbat eta borroka sindikal eta greba gehiago, orduan eta hitzarmen gehiago eta hobeak" erdietsiko dira, eta beharginentzako lorpenak ez dira "erakundeen edo elkarrizketa sozialeko mahaien eskutik" etorriko.

Euskadiko CCOO eta UGT mobilizazioaren aldekoak ere badira, baina elkarrizketa sozialari buruzko irakurketa zeharo desberdina eginda, eskubide sozialen eta lan-eskubideen lorpenean aurrera egiteko tresna baliagarria dela iritzita. Bi sindikatuek soldata hobeak eta lanaldia murriztea eskatu nahi dute Maiatzaren Lehenean.

Sindikatu horiek manifestazio bateratuak deitu dituzte, hurrengo lelopean: "Enpleguaren alde. Lanaldi txikiagoa, soldata handiagoa". Bilbokoan, Loli Garcia eta Raul Arza EAEko CCOOko eta UGTko idazkari nagusiek hartu dute parte, hurrenez hurren. Haientzat "garaia iritsi da" lanaldia murrizteko eta soldata hobeak eskatzeko, enpresen mozkin "izugarriak" ikusita.

LABen ustez, Maiatzaren Lehena berezia da, aurten sindikatu abertzalea bere sorreraren 50. urteurrenaren ospakizunetan murgilduta baitago eta Langileen Nazioarteko Eguna Iruñean mobilizazio "nazional" batekin ospatu nahi izan baitu.

Manifestazioa Gaztelu plazatik abiatu da, 11:30ean, eta Nafarroako hiriburuko kaleetan zehar ibiliko da Anaitasuna pabilioira iritsi arte. Bertan egingo da eguneko ekitaldi nagusia, eta ondoren bazkaria eta kontzertuak izango dira arratsalde osoan zehar.

Maiatzaren Lehenean, sindikatu abertzaleak bere sorrerako konpromisoa berretsi du, hau da, "Euskal Herriaren askapen nazionalerako eta eraldaketa sozialerako bidea irekitzen jarraitzea, langileriaren antolaketaren eta borrokaren bidez", adierazi du.

Azkenik, Steilasek manifestazioa deitu du Errenterian, 09:45ean, Zumarditik; eguerdian, Donostian; Bilbon, 11:30ean, Kale Nagusiko 56. zenbakitik; Iruñean, 12:00etan, Baratxurien plazatik; eta Gasteizen, 12:30ean, Europa Jauregitik.

Bestalde, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Gobernuak bere konpromisoa berretsi du Nazioarteko Lan Erakundearen oinarrizko printzipio eta eskubideen alde egiteko, bidezko oparotasun ekonomiko eta sozial lortzeko funtsezko osagaia baita.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaileak lan arloan "negoziazio, elkarrizketa eta akordioaren" aldeko apustua berretsi du.

EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, "orain" beharginen eskubideen defentsarako unea da, eta "baldintza politiko eta sozialak betetzen dira eskubide horiek lortzeko bidean aurrera egiteko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak ELA LAB Lana Langileen nazioarteko eguna Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO UGT Steilas ESK