Ekonomia -

Lan gatazka

Gizarte Ekimeneko sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte otsaileko akordioa bete dadin eskatzeko

Patronalak hartuko duen "jarreraren araberako urratsak" emango dituztela ohartarazi dute. Ez dute greba berriak egitea baztertzen eta bide juridikoa hastea aztertuko dute.

Ekimen Sozialeko Irakaskuntzako langile ordezkarien prentsaurrekoa. Argazkia: EFE.
Ekimen Sozialeko Irakaskuntzako langile ordezkarien prentsaurrekoa. Argazkia: EFE.
Ekimen Sozialeko Irakaskuntzako langile ordezkarien prentsaurrekoa. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizarte Ekimeneko Irakaskuntzako ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek mobilizazioak hastea erabaki dute, 14 eguneko grebari amaiera eman zion otsaileko akordioa betetzen has dadila eskatzeko. Era berean, hurrengo negoziazio mahaian patronalek "proposamenik aurkezten ez badute", demanda judizialen bidea aktibatzea aztertuko dutela jakinarazi dute.

Bost sindikatuetako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute Bilbon, eta salatu dute patronalek ez dutela "borondaterik" otsailaren 5ean sinatutako akordioa betetzeko. Haien hitzetan, "akordioa betetzen hasteko oztopoak baino ez dituzte jarri". "Hitzarmenaren aplikazioa atzeratu eta sinatu zirenez bestelako baldintza batzuk ezarri nahi dituzte".

Langileen ordezkarien hitzetan, otsaileko akordioa indarrean dago "sinatu zenetik, bere hamargarren puntuan berariaz hala jasotzen baita". Hiru hilabete geroago, ordea, patronala "ez da betetzen ari", nahiz eta langileek "hasieratik bete egin duten eta sinatu zuten egunetik greba utzi zuten".

Gauzak horrela, sindikatuek mobilizazioei berriro ekitea erabaki dute. Datorren ostegunean, maiatzaren 16an, elkarretaratzea egingo dute Donostian Kristau Eskolaren (sektoreko patronal nagusia) egoitzaren aurrean. Hilaren 22an, berriz, eskoletan izango dira protesta ekitaldiak.

Era berean, maiatzaren 29rako aurreikusita dagoen negoziazio-mahaira "akordioa sinatu zen baldintzetan betetzen hasteko proposamenik ekartzen ez badute, demanda judizialen bideari ekitea" aztertuko dutela jakinarazi dute.

Sindikatuek azaldu dutenez, akordioan jasotako edukiak aplikatzen hasteko eta hitzarmenera gehitzeko bilerak "haiek deitu behar izan zituzten", patronalek "ez zutelako pausoa ematen", eta, topaketen egutegia adostuta izan arren, bi bilera bertan behera gelditu direla salatu dute.

Bestalde, jakinarazi dute ez direla hasi 2024ko soldatak adostutako kopuruetan ordaintzen eta ez dutela ordainketa horiek egiten hasteko datarik zehaztu. Horrez gain, ohartarazi dute adostutako soldata-taulak "behin-behineko eta Jaurlaritzaren finantziazioaren araberako gisa" aurkeztu dituztela.

Patronalek 2023-2024 ikasturtean adostutako lanaldi-murrizketak aplikatzeko "modu murriztailea" proposatu dutela ere kritikatu dute, eta zehaztu dute "irakasleentzat adostutako eskola-orduen murrizketa hitzarmenaren artikuluetan jasotzeko oztopoak jartzen" ari direla.

Langile ordezkarien aburuz, "enplegua bermatzeko birkolokazio prozesuan, antzinatasuna eta kalte-ordainak aitortzeko erregimen berria alde batera utzi nahi da". Birkolokazio prozesuaren aplikazioa bera ere arriskuan jartzen dutela esan dute, "erretiro partzialean egon daitezkeen lege aldaketen aitzakiarekin".

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek adierazi dutenez, "patronalen jarrera horren aurrean, sindikatuak ezin gara geldik eta isilik egon. Akordio bat sinatu dugu, bete egin behar dute eta guk defendatu egingo dugu".

Horren harira, sektorean berriro greba deitzeko aukerari buruz galdetuta, langileen ordezkariek erantzun dute ez dutela "ezer baztertzen". Alabaina, "patronalek kontuan hartzea eta gatazkak amaitzeko modua birpentsatu behar ez izatea" nahiago dutela esan dute. "Akordio bat sinatzen badugu eta betetzen ez badute, mekanismo egokienak zeintzuk diren ikusi beharko dugu", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT Steilas Lan gatazkak