Gizartea -

Indarkeria matxista

Fiskalak jakinarazi du oso krimen "basatia" izan dela Donibane Lohizuneko emakumearena

Astelehenean egingo diote autopsia. 37 urteko bikotekideak atxilotuta jarraitzen du, eta Jerome Bourrier fiskalak esan du hala jarraituko duela epaitzen duten arte. Bihar bertan, elkarretaratzea egingo dute hilketa salatzeko.

Jerome Bourrier fiskalaren prentsaurrekoa. Argazkia: EITB
Jerome Bourrier fiskalaren prentsaurrekoa. Argazkia: EITB
Jerome Bourrier fiskalaren prentsaurrekoa. Argazkia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jerome Bourrier fiskalak jakinarazi du ostiralean Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Paris hotelean indarkeria zantzuekin hilda agertu zen emakumearena krimen bortitza izan zela. Astelehenean egingo diote autopsia biktimari, baina krimen bortitzaren zantzuak ditu gorpuak.

Bestalde, fiskalak esan du biktimaren bikotekidea, ustezko hiltzailea, preso egongo dela epaiketa egiten dioten arte, atxiloaldia luzatu baitiote. Bihar bertan eramango dute epailearen aurrera.

Bourrierrek azaldu duenez, bikotekideek 10 urte zeramatzaten elkarrekin, eta Ziburuko gertakariaz aparte, beste indarkeria kasuren bat ere izan omen da bien artean. Horren hitzetan, "egoera dramatikoa eta prekarioa" bizi zuten, drogak eta prostituzioa tarteko.

Prozesuak aurrera jarraitzen du, eta, bitartean, Baionako komisarian dute preso ustezko hiltzailea, epailearen aurrera noiz eramango duten zain. Behin-behineko atxiloaldia beste 24 orduz luzatu diote, astelehen arratsaldera arte.

Donibane Lohizuneko erdiguneko Paris hoteleko gela batean aurkitu zuten hilotz 34 urteko emakumea.

Bikotekidea atxilotu egin zuten, hilketa leporatuta. Baionako Fiskaltza "bikotekideak aurrez pentsatuta egindako hilketa" gisa ikertzen ari da kasua. Kasu horietan, biziarteko espetxe zigorra aurreikusten du Frantziako legediak.

Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako, 19:00etan, Donibane Lohizunen bertan.

Ziburuko gertakaria

Duela bi aste, apirilaren 14an, Ziburuko hotel batean balkoitik "erori" eta larri zauritu zen emakumea da ostiralean hilik aurkitu zutena.

Orduan ere atxilotu zuten gizonezkoa, 35 urtekoa, eraso matxista leporatuta, baina aske utzi zuten, hipotesiari eusteko froga faltagatik eta emakumea

Hasiera batean pentsatu zuten bikotekidearengandik ihes egin nahian-edo egin zuela salto emakumeak Ibis hoteleko bosgarren solairutik. Gero, bere buruaz beste egin nahi izan zuela nagusitu zen hipotesi gisa. Baionako prokuradorearen arabera, emakumearen aurrekari psikiatrikoak ikusita hartu zen erabakia.

Polizia-iturri batzuk aipatuta Sud Ouest egunkariak orduan zabaldu zuenez, gizona ikertzen ari ziren, indarkeria matxistagatik.

Emakumea desagerturik zegoen maiatzaren 1etik, eta fiskalak jakinarazi du bere kabuz alde egin zuela ospitaletik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Iparraldea berriak Gizartea albisteak Genero indarkeriaren biktimak Albisteak Gaur Albisteak Lapurdi