Itxi

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek puntu gazi-gozoa lortu du Levanteren etxean (2-2)

AGENTZIAK | EITB Media

Tejeroren bi golek partida armaginen alde jarri dute, baina Bouldinik 91. minutuan sartutako golak eragotzi du Eibarrek hiru puntuak eskuratzea eta zuzenean igotzeko postuetan sartzea.

  • Levantes vs. Eibar

    Levantes vs. Eibar Argazkia: @SDEibar

Levantek puntu bat berreskuratu du partidako 91. minutuan Moha Bouldiniren burukada batekin, promoziorako bere ibilbidean ia ezertarako balio ez diona, eta Eibarren garaipena eragotzi du horrela (2-2). Tejerok egindako bi golei esker, talde armaginak berdinketa lortu du, zuzenean igotzeko postuetatik gertu izaten jarraitzeko balio dion puntua eskuratuta.

Bi taldeek erritmoa hartzeko denborarik gabe, Levante aurretik jarri da markagailuan Delak penaltiz sartutako golarekin. Arcediano Monescillok ez du Berrocalen eskua ikusi, Brugueren aurkako lehian, eta VARek abisua eman dio epaileari. Levanteko erdiko atzelariak ez du penaltia alferrik galdu, eta etxekoak aurretik jarri ditu (1-0).

Eibarri kostatu egin zaio golari erantzutea, eta lehen zatiko erdialdea gainditu arte ez da aurkariaren areara arriskuz iritsi. Hala ere, 2-0ekoa izan du Dani Gomezek. Lozanok pase ona eman dio area barruan, baina ezin izan du Luca gainditu.

Levantek barkatu egin du, eta garesti ordaindu du gero, Tejerok area barruko baloi solte bat aprobetxatu duelako Andresen atea jaurtiketa gogor batekin zulatzeko (1-1). Eibarrek atera egin duen lehen jaurtiketarekin lortu du lehen gola.

Bigarren zatia bide beretik hasi da, Dani Gomezen beste bi abagunerekin. Corpasek abisua eman du, alboko erdiraketa batera ia-ia helduta, eta Eibarrek aurrerapausoa eman du. Orduan, Andres Garciak huts egin du pase horizontal batean, eta Aketxek aprobetxatu du Tejerori baloia emateko. Tejerok ez du barkatu, eta armaginen bigarren gola egin du (1-2)

Eibarrek kontrolpean zuen partida, baina Bouldinik buruz berdindu du 91. minutuan. Gol horrek eragotzi egin du Eibarrek hiru puntuak eskuratzea, eta taldearen helburu nagusirako puntu gazi-gozoa lortu du.

Fitxa teknikoa:

2 - Levante UD: Andres, Andres Garcia, Dela, Cabello, Valle, Carlos Alvarez, Giorgi (Pablo Martinez, 80. min), Rey, Lozano (Fabricio, 65. min), Brugue eta Dani Gomez (Bouldini, 65. min).

2 - SD Eibar: Luca, Tejero, Arbilla, Berrocal, Cristian (Correa, 86. min), Mario Soriano, Vencedor (Venancio, 70. min), Matheus, Stoichkov (Qasmi, 86. min), Aketxe (Konrad, 70. min) eta Bautista (Corpas, 46. min).

Golak: 1-1, 11. min: Dela. 1-1, 31. min: Tejero. 1-2, 61. min: Tejero. 2-2, 91. min: Bouldini.

Epailea: Arcediano Monescillo. Txartel horia atera die Giorgi, Rey eta Dela Levanteko jolakariei eta Matheus eta Corpas Eibarreko jolakariei. 93. minutuan, Corpas kaleratu du, bigarren txartel horia erakutsi ondoren.