Albisteak

Durangoko Azoka 2015

Ahotsenea euskal taldeen topaleku izango da beste behin

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Abenduaren 4tik 8ra, euskal talde andana igaroko da Ahotseneko oholtzatik, 2015ean estreinatu dituzten lanak aurkeztea xede.

Musika eta literatura alorreko nobedadez josita iritsiko da Durangoko Azokaren 50. edizioa. Hori horrela, Durangon prestatuko dituzten kultur guneek (Areto Nagusia, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Irudienea eta Szenatokia) euskal artisten lanik berrienak izango dituzte erakusgai.

Antolatzaileek aspaldi zabaldu zuten gune horietan parte hartzeko epea, eta, azken orduotan iragarri dutenez, urriaren 16ra arte luzatuko dute izena emateko tartea.

Dakizuenez, 30 minutuko aurkezpenak egin ohi dituzte Areto Nagusian, baita Ahotsenean ere. Irudienean, berriz, euskarazko ikus-entzunezko lanak aurkezten dira, eta Kabi@ guneak, kultura digitalarekin lotutakoak, sormena, erakusketak, tailerrak, topaketak eta antzeko ekimenak izaten ditu ardatz.

Bestalde, Azoka Telebistak bideoklipak eta booktrailerrak ematen ditu, Saguganbara etxeko txikienei zuzenduta dagoen gunea da eta Szenatokian antzerki lanak erakusten dira. Plateruena Kafe Antzokiak, bere aldetik, euskal talde garrantzitsuenen zuzenekoak hartu ohi ditu.

Ahotseneko egitaraua

Gaztean, oraingoz, behintzat, kontzertuetan jarriko dugu arreta. Hala, aipatzekoa da abenduaren 4an, besteak beste, 2ZIO, Hira, Txapelpunk, Noizean Behin eta Piztiak arituko direla.

Durangoko Azokaren bigarren egunean, abenduaren 5ean, Lain, Iheskide, Haxotz, Igelaren Banda, Hesian, Eratu, Arkada Social, Revolta Permanent, Voltaia eta Tik Tara taldeen musika nagusituko da.

Hirugarren egunerako ere, abenduaren 6rako, alegia, egitarau zabala prestatu dute. Egun horretan, U.K. Bill, Ze Esatek!, Larregi, Aguxtin Alkhat eta Izaki Gardenak aterako dira taula gainera. Horixe berori egingo dute abenduaren 7an Hutsak, Bullets of Miseryk, Suederrek, Skastik eta Kometak.

Bukatzeko, Josu Bergararen, Sei Urteren eta Etorkizun Beltzaren zuzenekoekin itxiko dute Ahotseneko kontzertuen zikloa abenduaren 8an.

Egitarau osoa, hemen.

ea">hemen.