Albisteak

Kontzertuak

Huntzaren arrakastak ez du parekorik

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ekainerako sei kontzertu iragarri ditu Huntzak: Bilbon, Bastidan, Mungian, Irunen, Hernanin eta Orion, hain zuzen.

Zazpi hilabete baino ez dira igaro Huntza taldeak "Aldapan gora" kantuaren bideoklipa argitaratu zuenetik, eta harrezkero gutxi batzuk dira gipuzkoarren bideoa ikusteko Youtubera jo ez dutenak. Izan ere, denbora tarte labur horretan, ia 2.400.000 ikustaldi izan ditu uda honetan Euskal herriko jai guztietan entzungo den abestiak.

Ospearen zama bereganatzeko astirik ere ez dute izan, beraz, taldekideek. Nolanahi dela, Huntzak fin-fin jarraitu nahi du beharrean. Hori dela eta, udan agertokiz agertoki ibiliko dira, herrietako festak girotzeko eta oraindik zuzenean ikusteko aukerarik izan ez dutenen egarria asetze aldera.

Hala, ekainaren 17an, Bilbon dute hitzordua, Azkuna Zentroan, eta Bastida bisitatuko dute egun bat geroago, Araba Euskaraz jaia girotzeko.

Ekainaren 23an, Mungian arituko dira; hilaren 25ean, Irungo jaietan; eta 26an, Hernanin. Hilabete hori Orion bukatuko dute, baina uztailerako eta abuzturako agenda ere beteta dauka Huntzak.