Gaztea

Saio berria

‘Ez hain ondo’: osasun emozionalari buruzko bideopodcast berria, Gaztean

B. F. | EITB Media

Irati Perez psikologoak gure emozioen gora-beherak arakatuko ditu, Ane Zuazubiskarren galderetatik abiatua. Bi astean behin aterako dira atalak, martxoaren 6an hasita.

  • Irati Perez Cruz, 'Ez hain ondo'ko psikologoa

    Irati Perez Cruz, 'Ez hain ondo'ko psikologoa

Komeni dena baino maizago erantzuten diogu "ondo", automatikoki, "zer moduz zaude?" galderari. "Ondo" horrek, baina, egunerokoaren erritmoetan galtzen diren gora-behera emozionalak ezkutatzen ditu gehienetan.

"Ondo"k triste, larrituta, atsekabetuta, bakarrik edo saminduta esan nahi duenean, gertatzen ari zaiguna ulertzen hasteko bidea emango digu Irati Perez psikologoak, Gaztearen bideopodcast berrian. Ane Zuazubiskarrek gidatuko du saioa eta Gaztearen YouTube kanalean eta webgunean izango da ikusgai, hamabostean behin, martxoaren 6an hasita.

Emozioei eta ezinegonei izena jartzen lagunduko digu 'Ez hain ondo'k, baita horiei aurre egiten saiatzeko tresnak ere. Atal bakoitzean, ez hain ondo egotera garamatzaten gaiak izango dituzte hizpide (bakardadea, errua, harreman toxikoak, pentsamendu obsesiboak, autoboikota…).

Lehen atalean, adibidez, bukleak edo gure bizitzan etengabe errepikatzen diren joera edo patroiak izango dituzte hizpide.

Ane Zuazubiskar, 'Ez hain ondo'ren grabaketan

Ane Zuazubiskar, 'Ez hain ondo'ren grabaketan

Non ikusi, jarraitu eta entzun

Aipatu bezala, Gaztearen YouTube kanalean eta webgunean izango duzue ikusgai, osorik. Bestela, Instagramen, TikToken eta Xan izango duzue saioaren berri. Entzuteko aukera ere izango da, EITB Podkasten eta bestelako audio plataformetan.