Gaztea

Gaztea Sariak

Dena prest 2024ko Gaztea Sarietarako

B. F. | EITB Media

Asteazkenean, 18:00etan, emango diogu hasiera urteko zitarik garrantzitsuenari. Photocalletik igaro ostean, artista edo bakarlari berri onenaren Gaztea Saria banatu eta Gorka Urbizuren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da Euskaldunako Urban Hallen.

  • Gaztea Sariak 2024

    Gaztea Sariak 2024

Orduak falta dira 2024ko Gaztea Sariei hasiera emateko. Asteazkenean, 18:00etan irekiko ditu ateak Euskalduna Urban Hallek, tiketak minutu gutxian agortu zituen publikoa hartzeko.

Ordu horretatik aurrera photocallean izango dugu Jon Fernandez lankidea, publikoa, gonbidatuak eta artistak zuzenean elkarrizketatzen.

Sari banaketa 19:00etan hasiko da, Ainhoa Vitoria eta Ibon Fernandezen eskutik. Bakarlari edo talde berri onenaren Gaztea Saria banatuko dute.

Gaua behar bezala ixteko, Gorka Urbizu izango dugu oholtza gainean, Hasiera bat diskoa aurkezten.

Tiketik gabe gelditu zirenek aukera izango dute kontzertuak eta gala streaming bidez ikusteko, zuzenean, Gaztearen YouTube kanalean eta webgunean. Gainera, arratsaldean zehar gertatutako guztia jarraitzeko aukera izango duzue Gaztearen sare sozialetan.

Otsailak 29: sari banaketa eta ETSren zuzenekoa

Ostegunean banatuko dira aurtengo beste sari guztiak, 19:00etan hasiko den galan (photocalla 18:00etan hasiko da). Egun jendetsua izango da Bilbon, Gaztea Sariek Errege Kopako finalerdiko itzuliko partidarekin kointzidituko dutelako. Horregatik, gomendagarria da Euskaldunara denboraz gerturatzea. Kontsultatu hemen nola iritsi.

Bideoklip onenaren kategorian, IZAROren 'CERODENERO BIDEOKLIPAZO', Merina Gris eta Delaporteren 'ALMAR', Bulegoren 'Zure begi horiek', Amoranteren 'Habanera' eta Sara Zozayaren 'Caravan' dira aurtengo hautagaiak. 

Huntza, ETS, Belako, Janus Lester eta TOC dira Kutxabank Korner Zuzeneko Onenaren Gaztea Sarirako bost hautatuak. Azken urtean jendaurrean eskainitako ikuskizunei esker lortu dute izendapena.

Urteko diskoaren kategorian, berriz, ZETAKen AAZTIYEN, IZAROren cerodenero, Nøgenen Åben Cirkel, Ibil Bediren Goldea eta Verde Pratoren Adoretua albumak lehiatuko dira.

Abesti onenari dagokionez, Bulegoren "Zure begi horiek", Leihotikan eta Gorka Urbizuren "Etorkizuna ginenean", Nøgen eta David Ruizen "Abendua", Tatta eta Malakiasen "Zure atzetik" eta Dupla eta Julietaren "Gau zoro bat Bartzelonan" dira bost hautagaiak.

Azkenik, ZETAK, Merina Gris, Ibil Bedi, Neomak eta Ben Yart dira 2024ko Gaztea Sarietako talde edo bakarlari onenaren kategoriako bost izendatuak.

Sarien irabazleak ezagutzeaz gain, galan zehar zuzeneko emankizunez gozatzeko aukera izango da.

Bukatzeko, ETSk Gaztea Sarien oholtza astinduko du, zuzeneko ikusgarri batekin.