Albisteak

Baieztapen gehiago

Calle 13 eta John Mayer ere, Madrilgo Rock In Rio jaialdian

Garazi Urdanpilleta

Puerto Ricoko bikotea ekainaren 5ean arituko da zuzenean Arganda Del Reyko Rockaren Hirian eta musikari estatubatuarra, berriz, bezperan, ekainaren 4an.

Bi baieztapen gehiago iragarri dituzte Madrilgo Rock In Rio jaialdiko antolatzaileek. Calle 13 eta John Mayer. Puerto Ricoko bikoteak ekainaren 5ean taularatuko ditu bere doinuak Arganda Del Reyko Rockaren Hirian eta musikari estatubatuarra, berriz, ekainaren 4an iritsiko da bertara.

10 Grammy besapean hartuta iritsiko da Calle 13 taldea Madrilgo Rock In Rio jaialdira. Rene Perez Joglar "Residente"k eta Eduardo José Cabra Martínez "Visitante"k erritmo hiritar berritzailea dakarte. Tangoa, kunbia eta antzeko doinu herrikoiak indartzen eta elektrizatzen iaioak dira eta reggaetona eta hip-hopa ere ez dira falta euren kantuetan. Umore beltza dakarte hitzetan eta mundu osoko jendearengana iristea lortu dute euren abestiekin.

John Mayer musikari estatubatuarrak Battle Studies izeneko laugarren lana kaleratu zuen iaz eta AEBetan lehen postura heldu da disko horrekin. Zazpi Grammy lortu ditu kantariak bere soinu beroari, melodiei eta 70eko eta 80ko hamarkadetako rock kaliforniarraren soiltasunari esker. Bere musikari esker ezaguna bada ere, azken aldian ospe izugarria lortu du maitasunaren arloan lortzen dituen konkistengatik eta egiten dituen adierazpen neurriz kanpokoengatik. Besteak beste, Jennifer Aniston eta Cameron Diaz aktoreen eta Jessica Simpson kantariaren mutil-laguna izan da.