Korrika 2022

Korrika 2022

2015/03/29

13:13

Korrika 2022

19. Korrika

Lorea Agirrek idatzi eta irakurri du lekuko barruan zihoan mezua

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Milaka euskaltzale bildu dira Bilbon euskararen lasterketari harrera egiteko. 19. edizio honetan euskara erabiltzeak duen garrantzia nabarmendu du Lorea Agirrek mezuan.

4:47
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Keinu berezia egin dio gaurkoan Bizkaiko hiriburuak Korrikari. Eguzkia lagun, milaka lagun bildu dira Areatza inguruan, euskararen aldeko lasterketaren azken urratsak hurbiletik jarraitzeko. Ikusi, sentitu eta entzun ere egin dira euskaltzaleen oinkadak Korrikaren azken egunean.

Hamaika egunez, eskuz esku, 2.500 kilometroko ibilbide luzea egin ostean, ohi bezala, AEK-ko ordezkariei egokitu zaie azken urratsetan lekukoa eramatea. Berorren barruan zihoan mezua idaztea eta irakurtzea, ostera, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariaren lana izan da.

Euskara erabiltzearen garrantzia azpimarratu du kazetari gipuzkoarrak, eta gure hizkuntza sustatzeko gonbitea luzatu die ekitaldian bildutako lagun guztiei. Izan ere, haren hitzetan, euskara ez da etxeko kontua bakarrik; hots, plaza publikoan ere egon behar da. Hain zuzen, auzi politikoa dela, eta halaxe heldu behar zaiola adierazi du. "Jauzi egitea da kontua, euskarak plazara atera behar du", horiexek izan dira Agirrerek Bilbon zabaldutako berbak.

Nolanahi ere, mezuaren edukia ez da oholtza gaineko protagonista bakarra izan. Txalaparta doinuek, Kepa Junkeraren musikak eta Fredi Paia Bizkaiko bertsolari txapeldunak Irati Erkiziarekin batera botatako bertsoek ere leku garrantzitsua bete dute agertokian.

Bilbon, pausoz pauso

07:20 jota iritsi da Korrika Bizkaiko hiriburura. EiTB.eus-eko langileei egokitu zaigu oraingo honetan ere euskararen aldeko lekukoa Bilbon sartzea. Enekuriko sarreran pilatutako herritarrak izan dira "Euskahaldun" leloari eutsita bost orduko ibilbidearen hasiera zuzendu dutenak.

Behin Lehendakari Agirre kale nagusira iritsita, Sarrikorantz bideratu dira lasterkariak, eta 08:30erako Termibus geltokian izan dira. Basurtu, Zorrotza eta Errekaldeko plaza ziren aurreikusitako hurrengo bisitak, 09:20an Kukutzako biribilgunera heldu aurretik.

Bilbo erdialdean 09:30 pasatxo zirenean egin diote harrera Korrikari. Ordu erdi inguru aritu dira handik lasterka, baina aurki atera dira berriro kanpoaldeko auzoetara; Zamakolara eta Abusura, kasu.

Santutxun 11:00ak aldera entzun da euskararen aldeko aldarria, eta geroago zapaldu dituzte Otxarkoaga, Trauko eta Campo Volantin.

Udaletxetik ere igaro da, 11:56an, hain justu. Dena den, ez da han bukatu, 12:30 arte azken oin-hotsak barreiatuko baitira Bilbon zehar.

Ordu horretantxe agurtu da 2017ra arte Korrika, Areatzan egun horretarako propio prestatutako gunean (San Nikolas parean).

Jai luzea Bilbon

Korrikaren antolatzaileek hainbat kontzertu eta ikuskizun prestatu dituzte egun osorako. Hala, San Nikolas elizaren aurrean, 17:30ean,  Anje Duhalde aritu da, goizeko kontzertuen ostean, eta, 19:30ean, Izerdi Gorria Erromeria.

Areatzan, Gazte Gunean, 16:00etan, Eskean Kristo; 18:00ean, Betagarri eta, 20:00etan, Ze Esatek taldeen kontzertuak. Handik gertu, Arriaga Plazan, 18:00etan, Xapoka Antzerki taldeak ikuskizuna egin du.

Gainera, Erripa Kaian, ibaiaren beste aldean, 13:30etan puzgarriak eta Irrien Lagunak: Porrotx, Olibatxo, Largabista eta Pupu eta Lore izan dira umeen gozagarri. Ondoren, 16:00etan, Txatxilipurdi karaokea hasi eta 18:00etan Arrantza Dantzak itxi du eguna bertan.

Bilbo Zaharrean, aldiz, 16:00etan Elortegi Anaiak eta 17:30ean  Revolta Permanent. Azkenik, 19:00etan, DJ Eleputo izan da aukeratutakoa giroa bero mantentzeko.

Zazpi kaleetan, halaber, artisau erakusketa egin dute Plaza Barrian eta, bertso batukadak, gaiteroek, erraldoiek eta joaldunek ere euren ekarpena egin diote jaia handiari.

Lorea Agirrek idatzi eta irakurritako mezua, oso-osorik

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Korrika
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;