Korrika 2022

Korrika 2022

Korrika 2022

Balorazioa

Hogeigarren Korrika ‘kolosala’ izan da

Agentziak | Erredakzioa

Euskararen aldeko lasterketaren arduradunen arabera, “inoizko handiena eta pluralena” izan da atzo Iruñean bukatu zen Korrika.

1:49

AEKren eta Korrikaren arduradunek azaldu dutenez, Korrikaren hogeigarren edizioa “kolosala” izan da. Gainera, gaurko agerraldian, lasterketaren antolatzaileek hizkuntza “doan” irakastearen aldeko apustua berretsi dute.

“Kolosala izan da, inoiz egindako Korrika handiena, pluralena; denetariko jendeak hartu du parte”, Asier Amondo martxaren koordinatzailearen esanetan.

Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzailearekin batera, Korrikaren hogeigarren edizioaren balorazioa egin du Amondok, Otxandiotik abiatu eta 2.500 kilometro eginda atzo Iruñean bukatzearen biharamunean.

Herritarren eta euskararekin lotutako eragile sozialen eta erakundeen parte-hartzea eskertu ondoren, Amondok esan du “maila bat igo dela euskara Euskal Herriaren hizkuntza gisa aldarrikatzeko bidean”.

“11 egunez, euskararen garra Euskal Herri osora heldu da, eta atzo ez zen itzali. Inoiz baino biziago jarraitzen du”, esan du Amondok Korrika “inoiz munduan hizkuntza baten alde egin den ekitaldirik handiena” dela erantsi aurretik.

Mertxe Mujika AEKren koordinatzaile nagusiak ere “kolosala” izan dela esan du, eta “inoiz baino pluralagoa eta parte-hartzaileagoa” izan dela ere azaldu du.

Dena dela, “aurrera begiratzearen alde” egin du, “Korrika hain jendetsuaren ondoren zer dagoen ikusteko”.

Horrela, euskara doan ikasi ahal izatearen alde egin du, eta helburu hori “gehienez ere” hurrengo ediziorako beteta egotea nahiko lukeela esan du.

Aurretik, halere, “aurrerapauso handia” iritzi dio 2016an Donostian sinatutako Protokoloan lan egiten jarraitzeari. "Toki batzuetan euskarak bere tokia egin behar du oraindik, baina horretan ari gara, baikorrak gara”, adierazi du Mujikak bukatzeko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena