Albisteak

Irailean, Donostian

!!! eta Wild Beasts ere Kutxa Kulturren izango dira

Erredakzioa

Irailaren 5ean eta 6an Donostian egingo duten jaialdirako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai.

Iragan astean Kutxa Kultur jaialdiaren lehen iragarpenak ezagutu genituen, eta gaur beste bi talderen zuzenekoak baieztatu dituzte antolatzaileek.

!!! (CHK CHK CHK) eta Wild Beasts dira, hain zuzen, aurreko asteartean iragarritako taldeekin (The Wombats, El Columpio Asesino, Toy, Lori Meyers, Reptile Youth eta Kokoshca) batera Donostian arituko diren beste bi artista.

El Columpio Asesino taldeak Ballenas muertas en San Sebastián ekarriko du, eta, aurrerapen gisa, 'Babel' kantua aurkeztu dute iruindarrek. Kokoshca ere Nafarroako hiriburutik iritsiko da Donostiara, irailean. Halaber, Lori Meyers andaluziarrek Impronta diskoan bildutako melodiak eskainiko dituzte zuzenean.

The Wombats taldea Liverpool hiritik etorriko da, eta estudioko hirugarren diskoa aurkeztuko digute. Bestalde, Toy britainiarren proposamenek ere girotuko dute Igeldoko jolas parkea, psikodelia zein kraut rock eta shoegaze estiloak uztartuta. Horiez gain, Reptile Youth daniarrek udaberrian argitaratuko duten lan berria aurkeztuko dute Donostian.

Sarrerak

Beraz, horiek guztiek hitzordua izango dute Igeldoko jolas parkean irailaren 5ean eta 6an, jaialdiaren hirugarren edizioan. Sarrerak bihar ipiniko dituzte salgai: bonua (32 euro + gastuak) eta egun baterako sarrera (20 euro + gastuak). Jaialdiaren webgunean, Ticketmaster eta Kutxa web atarietan erosi ahal izango dira.

Kontzertuak, egunez egun

Ostirala (irailak 5)
THE WOMBATS
WILD BEASTS
LORI MEYERS
TOY
...eta beste hainbat talde
Larunbata (irailak 6)
!!! (Chk, Chk, Chk)
REPTILE YOUTH
EL COLUMPIO ASESINO
KOKOSHCA
…eta beste hainbat talde