Albisteak

Urrian, Barakaldon

Imagine Dragons, BIME Live jaialdiko lehenengo kartelburua

L.Z. | eitb.eus

Urriaren 30ean eta 31n hartuko ditu Barakaldok BIME Live jaialdiko kontzertuak. Sarrerak martxoaren 17an jarriko dituzte salgai.

BIME Live jaialdiaren aurtengo edizioa urriaren 28tik 31era egingo dutela iragarri ostean, Bizkaia International Music Experiencek lehenengo kartelburuaren izena jakinarazi dute gaur antolatzaileek. Imagine Dragons da, hain zuzen, iragarritako aurreneko taldea.

2014an Bilbao BBK Live jaialdiko kontzertua bertan behera utzi behar izan zuten, agenda arazoak zirela eta, baina badirudi azkenik Euskal Herria bisitatuko dutela.

Las Vegasen jaiotako taldea Smoke + Mirrors disko berria besapean hartuta iritsiko da Barakaldora. Dena den, aurreko diskoetako kantuak ere taularatuko ditu.

Sarreren eskaintza berezia

Martxoaren 17an jarriko dute salgai BIME Liverako bonua, 54 euroan (+ 5 euro banaketa gastuengatik). Eskaintza berezi hori apirilaren 15era arte luzatuko dute.

Esan bezala, urriaren 28an, 29an eta 30ean egingo dituzte Pro jardunaldiak, eta ondorengo bi egunetan, urriaren 30ean eta 31n, izango dira kontzertuak.