Albisteak

Heriotza

O'Riordan, goizegi joan den beste musika-izar bat

AGENTZIAK | EITB.EUS

Asko eta asko dira gazte zendu diren musika-izarrak; azkena, Dolores O'Riordan. Heriotzaren unean, Londresen zegoen grabazio saio labur bat egiten, hainbat iturrik jakinarazi dutenez.

Bart jaso dugu Dolores O'Riordanen heriotzaren berri. 46 urte zituela hil da The Cramberries taldeko abeslaria, bat-batean.

Musikaren munduak sarri eman ditu horrelako albiste tamalgarriak. Amy Winehouse eta Jim Morrison, adibidez, hogeita hamar urte bete aurretik hil ziren; John Lennon, Elvis Presley eta Whitney Houston, berriz, berrogei urte bete eta gutxira.

Asko eta asko dira gazte zendu diren musika-izarrak; azkena, Dolores O'Riordan. Heriotzaren unean, Londresen zegoen grabazio saio labur bat egiten, hainbat iturrik jakinarazi dutenez.

Esan bezala, ezustean iritsi zen atzo abeslariaren bat-bateko heriotzaren albistea. Twitterren, ordubeteko tartean, 200.000 mezu zabaldu ziren, kantari irlandarraren heriotzak eragindako samina adierazteko.

Gazte agurtu diren beste hainbat artista

2011n hil zen Amy Winehouse. 27 urte zituen, orduan, jazz, R&B, soul eta ska doinuak lantzen zituen kantari britainiarrak. Adin berarekin zendu ziren Jimmi Hendrix, Janis Joplin, Jim Morrison, Brian Jones eta Kurt Cobain ere.

Winehouseren kasuan, alkohol gaindosiak eragin zuen haren heriotza, baita drogek eta bestelako gehiegikeriek eragindako osasun-arazoek ere.

Hendrixen heriotza 70eko hamarkadan heldu zen, ardoa eta lo egiteko pilulak nahastu ostean. Brian Jones Rolling Stone taldeko musikaria igerileku batean itota azaldu zen 1969an, eta Jim Morrisonek bihotz-hutsegitea izan zuen, alkohol abusuak eraginda.

Kurt Cobainen heriotza, berriz, harrigarria eta beldurgarria izan zen. 1994an bere buruari tiro egitea erabaki zuen Nirvana taldeko kantariak.

Horiek guztiak 27 urte bete eta gutxira hil ziren, baina badira 40 urteren bueltan hildako zenbait izar ere; besteak beste, Elvis Presley "rockaren erregea". 1977an entzun zuten jarraitzaileek azkenekoz Presleyren ahotsa. Bihotzekoak jota hil zela esan zuten garai hartan iturri ofizialek, baina droga gaindosi baten inguruko hipotesia ere zabaldu zen geroago.

Antzeko zerbait gertatu zitzaion Whitney Houstoni, 48 urte zituenean. Arrakastaren bideari adarretatik eutsi bai, baina ez zuen drogen aurkako gatazka gainditzeko indarrik izan, eta 2012ko otsailaren 11n hil zen, etxeko bainuontzian itota. Intoxikatuta hil omen zen, kokaina neurri gabe kontsumitu ostean.

Freddie Mercuryren hondatze fisikoa ere begi-bistakoa izan zen. 1991ko azaroaren 24an zendu zen, eta egun bat lehenago onartu zuen publikoki hiesa zeukala.

Alabaina, gaixotasunak eta drogen abusuak ez dira arrazoi bakarra izan musikari entzutetsuen heriotzetan. Ritchie Valens eta Buddy Holly, esaterako, hegazkin-istripuan hil ziren, baita Carlos Gardel eta Jenni Rivera ere.

Bukatzeko, John Lennon tirokatuta hil zuten etxeko atarian, New Yorken. 1980an gertatu zen hilketa, “Imagine” kantuaren egileak 40 urte zituenean. Hain zuzen ere, Michael Jacksonek baino hamar urte gutxiago zituen hil zenean. 50 urterekin zendu zen “poparen erregea”, ustez sendagaiekin zuen mendekotasuna gainditu eta agertokietara itzultzeko prest zenean.