Itxi

Musika

Heriotza

Dolores O'Riordan, The Cranberries taldeko abeslaria, zendu da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Artista "bat-batean" hil da, 46 urte zituela.

  • Dolores O'Riordan, kontzertu batean. Argazkia: EFE

    Dolores O'Riordan, kontzertu batean. Argazkia: EFE

Dolores O'Riordan, The Cranberries talde irlandarreko abeslaria, hil da Londresen, 46 urte zituela, haren publizitate agentziak baieztatu duenez.

Artista "bat-batean" zendu da. "Grabazio saio labur bat" egiteko zegoen Erresuma Batuko hiriburuan.

“Familia suntsituta dago albistearen berri izan ostean, eta pribatutasuna errespetatzea eskatu du”, adierazi dute prentsa oharrean, heriotzaren kausei buruzko zehaztasunik eman gabe.

The Cranberries taldea 90eko hamarkadaren hasieran egin zen ospetsu mundu osoan, besteak beste “Zombie”, “Dreams” eta “Lingers” abestiak ikur bihurtuta. Orotara, 40 milioi disko baino gehiago saldu dituzte.

Taldea 2002an banandu zen, baina berriz ere batu zen handik zazpi urtera, urtebeteko bira bat egiteko. 2012an, beste disko bat kaleratu zuen: “Roses”.

Iaz, gainera, “Something Else” lan akustikoa merkaturatu zuen taldeak.

Maiatzean Europatik bira hasten ari zirela, bertan behera utzi behar izan zituzten gainerako kontzertuak, O’Riordanek osasun arazoak zituelako.

Artistak bakarkako lanak ere egin ditu. Hain zuzen ere, "Are You Listening?" (2007) eta "No Baggage" (2009) diskoak publikatu ditu.