Albisteak

Ekainak 22 - uztailak 1

La Oreja de Van Gogh Sestaoko jaietan arituko da ekainaren 30ean

AGENTZIAK | EITB.EUS

Formula V, Kaotiko, Luar Na Lubre eta tokiko hainbat taldek ere girotuko dituzte Sestaoko San Pedro festak ekainaren 22tik uztailaren 1era.

La Oreja de Van Gogh Sestaoko San Pedro jaietan arituko da ekainaren 30ean. Gainera, Formula V igoko da oholtzara egun bat lehenago, Kaotikoren doinuak entzungo dira ekainaren 23an, eta Luar Na Lubre bihurtuko da festetako protagonista hilaren 22an.

Aipatzekoa da, halaber, ekainaren 24an ABBA taldearen kantuak taularatuko dituztela, eta hilaren 27an Luz Casalen abestien moldaketek hartuko dutela lekua. Bukatzeko, Sestaoko musika taldeen txanda izango da ekainaren 25ean.

Bart aurkeztu du Sestaoko Udalak jaietako egitaraua. Esan bezala, ekainaren 22an hasi eta uztailaren 1ean bukatuko dira festak. Zuzeneko musikak berebiziko garrantzia izango du, baina bestelako jarduerak ere antolatuko dituzte; besteak beste, piroteknia ikuskizunak, haurrentzako jolasak, folklorea eta kirol ekitaldiak.