Albisteak

Berrargitalpena eta bira

Anestesiak handitasunez ospatuko du 'Gorrotoaren Ahotsa' diskoaren 25. urtemuga

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

1993an argitaratu zuten zarauztarrek iraupen luzeko lehendabiziko proiektua. Hori ospatze aldera, diskoaren argitalpen berezia kaleratu eta kontzertu bira emango dute.

Hogeita hamar urte igaro dira Anestesia metal taldea jaio zenetik. Zarauztarren estudioko lehendabiziko lan luzea, ostera, bost urte geroago iritsi zen. Hain zuzen ere, 1993an argitaratu zuten Gorrotoaren Ahotsa. Hogeita bost urte bete ditu, beraz, diskoak eta taldeak handitasunez ospatuko du berorren mende laurdena.

Horretarako, aipatu diskoaren argitalpen berezia kaleratuko dute; 180 gramoko binilo formatuan, birmasterizatua eta diseinu berri batekin.

Gainera, handikiro zabalduko dituzte lan horretako abestiak jarraitzaileen artean. Izan ere, bospasei kontzertuko bira iragarri dute. Zuzeneko bereziak izango dira guztiak, taldearen hastepenetako abestiak taularatuko dituztelako. Oraindik, baina, ez dituzte emanaldiotako datak zehaztu.