Albisteak

Heriotzaren 10. urteurrena

Mikel Laboaren omenezko kontzertua egingo dute Donostian ostiralean

Ekiza, Mursego, Lisabo taldeko Javi Manterola, Olatz Salvador, Petti, Unai Pelayo 'Pelax', Iñigo Ozaeta eta Beñat Antxustegi, Xendarineko ahizpak eta Zigor DZ arituko dira omenaldi horretan.

  • laboa

    laboa

Ostiral honetan, 22:00etatik aurrera, Mikel Laboaren omenezko kontzertuan parte hartuko dute hainbat euskal musikarik. Antiguotarrak Euskal Dantza Taldeak antolatuta, abeslari gipuzkoarra izango dute gogoan, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean.

"Mikel Laboaren adaxka gazteak" emanaldia Donostiako Antigua auzoko frontoian izango da, eta hauek arituko dira bertan: Ekiza, Mursego, Lisabo taldeko Javi Manterola, Olatz Salvador, Petti, Unai Pelayo 'Pelax', Iñigo Ozaeta eta Beñat Antxustegi, Xendarineko ahizpak eta Zigor DZ disko-jartzailea.

Musikak ez ezik, dantzak ere izango du tokirik omenaldi berezi horretan, Miren Lizeaga dantzaria gonbidatu baitute bertara.

Sarrerak

Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena beharko da sartzeko. Gonbidapenak Platero tabernan, Foto Miki dendan eta Rekalde tabernan egongo dira eskuragarri. Internet bidez ere jaso daitezke mikellaboaantiguo@gmail.com helbidean eskaria eginda.