Albisteak

Lan berria

Esne Beltza estudioan da disko berria grabatzen

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Mark Dasousa ekoizlearekin grabatu dituzte kantu batzuk. Oraindik ez dute argitaratze data iragarri, ezta lan berriaren inguruko informazio gehiagorik eman ere. Uztailaren 25ean Japoniara doaz.

  • Esne Beltza. Argazkia. Gaizka Peñafiel

    Esne Beltza. Argazkia. Gaizka Peñafiel

Ezer gutxi dakigu Esne Beltza taldearen disko berriari buruz, baina azkenaldian ari dira pixkanaka, sare sozialen bidez, esku artean duten proiektu berriaren gaineko zertzeladak ematen.

Duela ordu batzuk jakin dugu, adibidez, Mark Dasousa ekoizle valentziarrarekin jardun dutela lanean. Hain zuzen ere, abesti batzuen grabazioan lagundu die berak, eta taldekideen esanetan esperientzia hobezina izan da.

Iragan astean, gainera, bideo hau partekatu zuten jarraitzaileekin, estudioko ateak ireki eta han prestatzen dabiltzana erakusteko.

Bira

Kantu berriak grabatzeaz gain, kontzerturen batzuk emateko denbora ere izango dute Xabi Saolanok eta taldekideek. Uztailaren bukaeran Japonia aldera joango dira, hiru zuzeneko eskaintzera: lehena Shibuyan izango da, uztailaren 25ean. Hiru egun geroago, Fuji Rock Festival jaialdi entzutetsuan arituko dira. Hiru eguneko festibal horretatik mundu mailako artista ezagunenak igaroko dira, Kendrick Lamar, Bob Dylan, Vampire Weekend, Chvrches, Skrillex, N.E.R.D eta Post Malone, esaterako. Uztailaren 27an hasi eta 29an bukatuko da jaialdia.

Bi horiek, ostera, ez dira Xabi Solanoren taldeak aipatu herrialdean emango dituen zuzeneko bakarrak izango, uztailaren 29an Okinawan joko baitu Esne Beltzak.

Euskal Herrian, oraingoz, ez dute emanaldirik iragarri, Atlantikaldian eskainiko dutena, salbu.