Albisteak

ASTEBURUKO KONTZERTUAK

Musikak girotuko ditu Euskal Herriko txoko ezberdinak, uztaileko azken asteburuan

IDOIA ARANBARRI | EITB.EUS

Mundaka Festival jaialdia ospatuko da uztailaren 27tik 29ra. Horretaz gain, Izaro, Zea Mays, Glaukoma, Willis Drummond, Aneguria eta Reincidentes taldeek eskainiko dituzte kontzertuak, besteak beste.

  • Izaro

    Izaro

Uztailaren amaierara heltzen ari gara, baina oraindik udan jarraitzen dugu. Euskal Herriko txoko ezberdinak festak ari dira ospatzen, eta ez da musikarik faltako horietan.

UZTAILAK 27, OSTIRALA

Arratsaldeko 20:00etan emango zaio hasiera Mundaka Festivalari. Jaialdiaren lehenengo egunean, Copernicus Dreams, Depredro, Fink eta !!! bezalako taldeak igoko dira oholtzara.

Izaro bakarlariak doako kontzertua eskainiko du Eskoriatzako Zaldibar Plazan gaueko 22:00etatik aurrera. Glaukomak, berriz, Etxebarriko Plaza girotzeko ardura izango du.

Nafarroara salto eginez, Elizondoko txosnetan euskal rapa entzuteko aukera izango duzu Aneguriaren eskutik. Nafarroan jarraituz, Trini Foxek “Letaginak” diskoa aurkeztuko du Arantzako Aterpetxean “Uda Garaia Musik Fest”en barruan.

Iparraldean, Baionako Festetan, 2zio eta Raksax taldeek eskainiko dute emanaldia, besteak beste.

UZTAILAK 28, LARUNBATA

Nogenek Astigarragako Joseba Barandiaran Plaza jarriko du dantzan. Gipuzkoan jarraituz, Itziarren Semeak eta Bad Soundek emanaldia eskainiko dute Oiartzungo Iturriotz Auzoan.

Mundaka Festival jaialdiak bigarren eguna izango du, eta Rayden, Bunbury, Belako eta Revolta Permanent igoko dira oholtzara.

Bizkaian ere ez da musikarik faltako. Larrabetzuko festetan, esaterako, Koban, Glaukoma eta Arkada Social taldeek izango dute musika jartzearen ardura. Anita Parker, aldiz, Foruan arituko da.

Reincidentesek Lantaronen egingo du geldialdia; Zea Mays eta Garilak 26 taldeek Baionako Patxa Plazan.

UZTAILAK 29, IGANDEA

Confluence, Snatero y los Muchachos eta Atom Rhumbak amaiera emango diote Mundaka Festival jaialdiari.

Baionak ere amaiera emango die festei Skabidean taldearen kontzertuarekin.