Albisteak

Abuztuak 11-19

Donostiak larunbatean abiatuko du Aste Nagusia, musika aukera zabalarekin

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Amaia Montero, Zea Mays, Iseo & Dodosound, Alvaro Soler, Vendetta, Jarabe de Palo, Des-Kontrol, ETS, Skakeitan, Green Valley, Niña Coyote eta Chico Tornado, Mice eta Belako izango dira.

Donostiako Aste Nagusian Saguesen egongo diren kontzertuen berri eman genizuen duela aste batzuk, eta egitarau oparoa prestatu dute, askotariko musika estiloak uztartuta. Dakizuenez, abuztuaren 11n hasi eta 19an bukatuko dira Gipuzkoako hiriburuko festak.

Lehenengo egunean, euskal kantuei flamenko ukitua ematen dien Sonakay taldea izango da protagonista, udaletxeko terrazan, 19:00etan, eta Boulevarden, 23:30ean. Saguesen ere ez da kontzerturik faltako. Hain zuzen, Amaia Montero igoko da oholtzara abuztuaren 11n, festei hasiera emateko.

Abuztuaren 12an, berriz, Zea Maysen txanda izango da. Gainera, Dvicioren kantuak entzungo dira bertan egun bat geroago. Hilaren 14an, Iseo & Dodosound with The Mousehunters aterako dira agertokira.

Azkenaldian moda-modan dagoen Alvaro Solerren "La cintura" abestiak ere mugituko ditu donostiarren gerriak aurtengo Aste Nagusian, abuztuaren 15ean.

Hurrengo egunean, berriz, Vendettak jarraitzaileak agurtuko ditu, horixe izango baita talde nafarrak Donostian emango duen azken zuzenekoa.

Azken bi egunetan, Marky Ramone eta Jarabe de Palo gonbidatuko dituzte: abuztuaren 17an lehena, eta hilaren 18an, Pau Donesen taldea.

Saguesko kontzertu guztiak 23:45ean hasiko dira.

Piratek antolatutako emanaldiak

Bestalde, Donostiako Piratakek antolatuta, kontzertu andana hartuko ditu Flamenka guneak. Abuztuaren 13an izango da piraten abordatzea, jaiak hasi baino bi egun beranduago.

Kontzertuei dagokienez, Fan & Co aterako da agertokira hilaren 11n; The Capaces eta Des-Kontrol, abuztuaren 12an; En Tol Sarmiento, Ezetaerre eta Skakeitan, 13an; Green Valley eta Mad Muasel, 14an; Niña Coyote eta Chico Tornado eta Mice, 16an; Olatz Salvador eta Anje Duhalde, 17an, eta Belako eta Serrulla, 18an.