Albisteak

Kontzertua

Berri Txarraken azken kontzerturako sarreren salmenta bertan behera utzi dute

eitb.eus

Jarraitzaileen eskari handiak sarrerak saltzeko ardura duen enpresaren zerbitzaria buxatu du. Aurretiaz jakinaraziko dute noiz ekingo dioten berriz salmentari.

  • Gorka Urbizu (Berri Txarrak)

    Azaroaren 23an esango du agur Berri Txarrakek. Argazkia: Gaizka Peñafiel.

Arazo teknikoak direla eta, ezinezkoa da Berri Txarrakek 2019ko azaroaren 23an Iruñean, Nafarroa Arena pabiloian, emango duen kontzerturako sarrerak erostea.

Musikazek (txartelak saltzeko ardura duen enpresa) ohar batean azaldu duenez, zerbitzaria buxatu egin da, eta, ondorioz, milaka gorabehera izan dira egun osoan sarrera erosten saiatu diren jarraitzaileen artean. Batzuek erosketa prozesua bukatu baina ez dute txartela jaso, beste batzuek ezin izan dituzte sarrerak ordaindu prozesu osoa burutzean…

“Sarreren salmenta bertan behera utziko dugu”, dio enpresaren oharrak, “eragindako kalte guztiak konpondu arte”.

Taldeak barkamena eskatu die jarraitzaileei, eta esker ona adierazi du “zuen pazientziagatik eta talde honenganako maitasunarengatik”.

Berri Txarrakek eta Musikazek konpromisoa hartu dute sarrerak berriz saltzen hasten direnean “sasoiz iragartzeko” eta “kalte guztiak kitatzeko”.

"Etenaldi mugagabea"

Abenduaren 12an iragarri zuenaren arabera, hirukoteak "ziklo ahaztezin bat itxiko du" 2019an, 'Ikusi Arte Tour' izeneko bira luze bat egin ondoren, "etenaldi mugagabea" egingo duelako.

Berri Txarrak Azkena Tour