Albisteak

Abuztuaren 17tik aurrera

Su Ta Gar, Huntza, C Tangana, Bebe eta La M.O.D.A., Bilboko Aste Nagusian

Itziar Urdapilleta | Eitb.eus

Abandoibarreko agertokian eta Europa Parkean joko duten taldeak iragarri ditu Bilboko Udalak. Kontzertuak 23:30ean hasiko dira.

  • SU TA GAR

    SU TA GAR

Bilboko Aste Nagusian Abandoibarrean eta Europa Parkean izango diren kontzertuetako batzuk iragarri ditu gaur goizean Bilboko Udalak. 23:30ean hasiko dira Abandoibarreko emanaldiak, eta 00:00etan Europa Parkekoak.

Su Ta Gar, La M.O.D.A. eta Huntza taldeek ez ezik, C Tanganak ere hartuko dute parte Bilboko Aste Nagusiko 41. edizioan. Horiez gain, Bebe, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta El Duo Dinámico zuzenean arituko dira Bizkaiko hiriburuan.

Abuztuaren 17an, Su Ta Garrek emango du Abandoibarreko lehen kontzertua, 23:30ean. 1987an sortutako taldeak garai bateko eta gaur egungo abestiak eskainiko ditu.

Toki eta ordu horretan, El Duo Dinámico bikotearen txanda izango da astelehenean, Bebe igoko da oholtza gainera asteartean, eta Monica Naranjo, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, berriz, asteazkenean. Huntzak, bere aldetik, Europa Parkeko kontzertuak abiatuko ditu, 00:00etan.

La M.O.D.A.k Abandoibarra girotuko du abuztuaren 22an, 23:30ean. Eskusoinua, saxofoia, banjoa, mandolina eta klarinetea uztartzen dituen talde honek folk, country, punk eta rock doinuak lantzen ditu.

Europa Parkeko azken emanaldia C Tanganaren eskutik izango da larunbatean, uztailaren 24an, gauerdian hasita.