Albisteak

Musika jaialdia

Ordiziarrock XVI, goranzko bidea sendotzen

Itziar Urdapilleta | Eitb.eus

Urtetik urtera kartela hobetuz, Capsula, Adrenalized, Nuevo Catecismo Catolico eta Unidad Alavesa izango dira aurten talde izarrak.

  • Capsula

    Capsula

Ordiziarrockek hazten jarraitzen du, eta hazkunde horren aldeko apustua egin du aurtengo edizioan.

Izan ere, 2019an, aurreko edizioetan ez bezala, agertoki nagusian izango dira ostiraleko (urriak 18) eta larunbateko (urriak 19) kontzertuak, eta agertoki horren mailako taldeak bildu dituzte asteburu osorako, guztiz doakoa den jaialdi honetan.

Hala, Higa, Capsula, Unidad Alavesa eta The Riff Truckers oholtzaratuko dira ostiralean Znort Gunean, gune nagusian.

Larunbatean, berriz, Plaza Nagusian hasiko dira kontzertuak. 19:00etan, Orquesta Bisuteria euskal All Star bandak (Iñaki Salvador, Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Ainara Ortega...) belaunaldi ororentzako emanaldia eskainiko du. Ondoren, Znort Gune nagusian, Leihotikan, Liher, Nuevo Catecismo Catolico eta Adrenalized taldeek amaituko dute egitaraua.

Horrez gain, ez da ahaztu behar jaialdia ostegunean, hilaren 17an, hasiko dela, Delikatuz areto txikiko kontzertuarekin. Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola igoko dira agertokira.

Ordiziarrocken oinarrietako bat edonork musikaz gozatu ahal izatea den heinean, antolatzaileek gogorarazi dute emanaldi guztiak entzumen arazoak dituztenentzat egokituak izango direla eta gune nagusian gurpildun aulkientzako leku berezia egongo dela.