Albisteak

Egitaraua

MAZ Basauri jaialdia bertan behera geratu da

Gaztea

Temples, Manel, La Bien Querida eta 12Twelve taldeak zeuden iragarrita martxoaren 13 eta 14ko eta 20 eta 21eko asteburuetan egitekoa zen bederatzigarren edizioan.

  • Temples

    Temples

***** EGUNERAKETA: Basauriko Udalak aurtengo edizioa bertan behera utzi du "koronabirusaren hedapena gelditzeko neurriei laguntzeko. Jaialdia berriz programatzea ezinezkoa dela ikusi du Udalak. Sarreren dirua bueltatuko da. *****

Temples, Manel, La Bien Querida eta 12Twelve iragarri ditu MAZ Basauri jaialdiak. Ekimenaren bederatzigarren edizioa egingo dute aurten, martxoaren 13 eta 14ko eta 20 eta 21eko asteburuetan. Enric Montefusco, Hidrogenesse, Viva Belgrado, Lumi eta MICE artistek osatuko dute egitaraua. Emanaldiak kalean (doan) eta Social Antzokian eskainiko dituzte. Sarrerak salgai daude jada.

Temples ingelesek rock psikodelikoa ekarriko dute Basaurira, Hot Motion lana aurkezteko. Manel taldeak ere disko berria ekarriko du: Per la bona gent.

La Bien Querida izango da aurtengo MAZ Basauriko beste izen handietako bat. Ana Fernández-Villaverde bizkaitarrak Brujería aurkeztuko du. 12Twelve kataluniarren itzulera izango da musikazaleak Social Antzokira erakarriko dituen beste amuetako bat. 2008az geroztik geldirik egon ostean, taldea agertokietara itzuli da Speritismo lanarekin; rock instrumentala eta musika beltza uztartzen dituen maisulan gisa defini genezake album hura.

Aipaturikoez gain, beste hainbat artista igoko dira martxoan Social Antzokiko agertokira: Enric Montefusco, Hidrogenesse elektro-pop bikotea, Viva Belgrado kordobarrak, eta Iparraldetik iritsiko da Lumi bikote elektronikoa. Azkenik, Zilar printzak EPa aurkeztera etorriko da MICE.
 
2019ko Rockein lehiaketako irabazleek osatuko dute aurtengo egitaraua: Sara Zozaya (kategoria nagusia), Samoah (tokiko artisten kategorian bigarrena, Meridian irabazleek ez baitute jaialdian izaterik agenda arazoengatik), Cäctus (euskarazko artistarik onena) eta Dukkha (publikoaren saria).

Bestalde, Txiki MAZen egitarauan tatuaje, makillaje eta pintura tailerrak izango dira aukeran, musika eta animazioaz gain, baita Kleenex Fanclub taldearen kontzertua ere; Teenage Fancluben tributo talde hau Getxoko hainbat taldetako musikariek osatzen dute; besteak beste, Lee Perk, The Fakeband, Zodiacs, Basurita edo Brotherhood taldeetakoek.

MAZ BASAURI 2020

Ostirala, martxoak 13

Social Antzokia, 21:30: Temples + Sara Zozaya

Larunbata, martxoak 14

Kalean doan, 12:30 (tokia zehazteke)
Txiki MAZ: Play N Kids (aurpegiak margotzeko gunea, tatuaje eta pintura tailerrak...) + Kleenex Fanclub kontzertua (Teenage Fanclub-en tributo taldea).
Kalean doan, 18:00 (tokia zehazteke): Samoah + Cäctus + Dukkha
Social Antzokia, 21:00: Manel + Enric Montefusco + Lumi

Ostirala, martxoak 20

Social Antzokia, 21:30: La Bien Querida + Hidrogenesse

Larunbata, martxoak 21

Social Antzokia, 21:00: 12Twelve + Viva Belgrado + M I C E

Sarrerak
 
Social Antzokiko kontzertuetarako sarrerak salgai daude gaurtik aurrera:

Eguneko sarrera: 12 euro+gastuak

Lau egunetarako bonua: 30 euro+gastuak, aldez aurreko salmentan. Kontzertu egunean leihatilan erostekotan, eguneko sarrerak 15 euro balioko du.