Albisteak

30. urteurrena

"Hegan", Zetakek Gazteari 30. urteurrenean oparitutako abestia

Gaztea

Abestia 'Dida'n estreinatu dugu, eta bideoklipa webgunean dago ikusgai.

Opari berezia jaso dugu Gaztean, gure  30. urteurrenean: Pello Reparaz gidari duen Zetak taldearen "Hegan" abestia, hain zuzen. Abestia 'Dida'n estreinatu dugu, eta bideoklipa, berriz, Gazteako webgunean dago ikusgai. Pedro Artolak zuzendutako lana da.

1990ean hamarkadan jaio zen Gaztea eta urte berean jaiotakoak dira, halaber, "Hegan" Pello Reparazek sortutako abestiko protagonistak. Are gehiago, 1990eko udaberrian jaio ziren bai Gaztea eta baita Pello ere. Egun gutxiren aldearekin baino ez. Horregatik, "hegan egiten duten 90eko bi bala" dio kantuak. Zetakek antzekotasun hori kontuan izan du, eta Gaztearen urtemugari ekarria egin nahi izan dio, aldez aurretik sortuta zeukaten abestia oparituz.

Tabakalerako Prisman abestia zuzenean joko dute "Gu" irratsaio bereziaren baitan

Ostegunean, uztailaren 2an, Zetak taldeak akustikoan joko du "Hegan" abestia Tabakalerako Prisman. Ibon Fernandezek, Ainhoa Etxebarriak eta Alain Perezek gidatzen duten 'Gu' irratsaio berezia eskainiko dugu Gazteak bertatik eta irratsaioaren baitan eskainiko du emanaldia.

Gaztearen 30. urteurrena

Gure kontu  lelopean ospatzen ari da Gaztea 30. urteurrena, 2020 urte berezi honetan, musika eta jai giroko jardun eta ekintza bereziak antolatuz. 1990. urteko martxoaren 21ean esan zuen Gazteak lehen aldiz "Egun on". 30 urte pasa dira eta irratiak eutsi dio euskal gazteen artean erreferentziazko aukera izateari.