Albisteak

AGENDA

Prest dugu asteburuko kontzertuen agenda

Liher, Izaro, ETS, Arcada Social, Emon eta Iker Lauroba dira, besteak beste, asteburu honetan kontzertuak eskainiko dituzten taldeak eta bakarlariak.

  • ETS, Gaztea 303030 kontzertuan

    ETS, Gaztea 303030 kontzertuan

Asteburuan Euskal Herrian izango diren musika hitzorduak laburbilduko ditugu albiste honetan.

ETSk Getxoko Muxikaberri Kultur Etxean emango du ostiralean kontzertua, 'Egingo Dugu Eztanda' biraren hurrengo geldialdian. 19:00etan hasiko dira zuzeneko musikarekin.

Dientes de Luna banda gernikarrak, bere aldetik, Zornotzara eramango du 'Ether' bira, Zelaieta aretora.

Larunbatean, ondorengo taldeen txanda izango da. Alde batetik, Arcada Social taldea Bermeoko Kafe Antzokian arituko da zuzenean, 19:00etan. Bestetik, Liher taldearen 'Hemen herensugeak daude' bira Gasteizera iritsiko da larunbatean. Bi zuzeneko saio eskainiko dituzte Hell Dorado Kultur Elkartean: 13:00etan eta 17:00etan.

Horiez gain, lau urteko geldialdiaren ostean, Emon taldeak itzulera kontzertua emango du Bergarako Seminarixoan, 19:00etan hasita, eta Sara Zozayak Tolosako Bonberenea girotuko du.

IZAROk "Limones en invierno" bere hirugarren diskoko abestiak abestuko ditu Aiako Probalekuan. Larunbatean, 19:00etan izango da bertan.

Amaitzeko, igandean, 18:30ean, Iker Laurobak Larrabetzun eskainiko duen zuzenekoa aipatuko dugu.