Albisteak

Abuztuaren 4tik 8ra

La Fuga, Vendetta eta Itziarren Semeak, Gasteizko jaietan

L.Z.

Beste hainbat talde eta bakarlari ere arituko dira Arabako hiriburuan abuztuaren 3tik 8ra bitartean.

  • Vendetta. Argazkia: GOR.

Jaietako lehenengo egunean, abuztuaren 3an, ostirala, Kokein eta Zea Maysen kontzertuak izango dira txosna gunean. Astelehenean, Itziarren Semeak taldea arituko da taula gainean, eta, asteartean, Lehendakaris Muertos. Asteazkenean, aldiz, Dj Makalaren emanaldia izango da txosnetan, eta ostegunean beste bi kontzertu garrantzitsu: Fuel Fandago eta Anai arrebak.

Gasteizko jaiak abuztuaren 4tik 8ra bitartean ospatuko dira eta musika emanaldi guztiak bi agertokitan banatuko dira. Alde batetik Foruen Plazan, 00:00etatik aurrera, musika izango da nagusi jaietako egun guztietan. La Pegatina taldea izango da taula gainera igotzen lehena eta festetako bigarren egunean Juan Maganen musika entzungo da. Abuztuaren 6an rock doinuek hartuko dute indarra, LosDelGas, La Fuga eta Los Suaves taldeen eskutik, eta hurrengo egunean Esne Beltzak girotuko du Gasteizko gaua. Bukatzeko, abuztuaren 8an Los Tigres del Norte taldearen kontzertua egongo da.

Bestalde, Machete plazan jarriko dute bigarren agertokia eta han euskal musika nagusituko da. Abuztuaren 5ean Vendettaren txanda izango da eta 6an Mikel Urdangarinena. Abuztuaren 7an Mikel Markezek eta Erramun Martikorenak euskal kantuz jantziko dute gaua eta hilaren 8an Eratu taldearen musikak emango die amaiera jaiei.